Aholku Batzordearen araudiaren aldaketari hasierako onespena emateko proposamena onartu dute
Atzo arratsaldean gauzatu zen urtarrileko osoko bilkura. Hondarribiko Udalaren Youtube kanalean zuzenean jarrai zitekeen.

Atzo arratsaldean gauzatu zen urtarrileko osoko bilkura (Hondarribiko Udalaren Youtube kanalean ikus daiteke osorik), eta bertan, Hondarribiko Plangintzako Aholku Batzordearen araudiaren aldaketari hasierako onespena emateko proposamena eta Etxez Etxeko Laguntza zerbitzua finantzatzeko lankidetza hitzarmena onartu zituen udalbatzak.
Hondarribiko Plangintzako Aholku Batzordearen araudiaren aldaketari dagokionez Abotsanitz, EH Bildu eta PSE-EEren aldeko botoarekin aurrera atera zen. EAJk berriz, proposatzen zen gehiengoarekin ados izan arren, “formengatik” aurka bozkatu zuen.
Estitxu Urtizbereak nabarmendu zuenez, 2008an onartu zen Udal Plangintzako Aholku Batzordearen araudia, eta ordutik hainbat legek indarrean egoteari utzi eta beste batzuk onartzen joan dira. “Gizartea aldatzen ari da eta horregatik uste dugu beharrezkoa dela araudia aldatzea”. Egin nahi dituzten proposamenen artean auzo elkarteak, euskara elkarteak eta berdintasunaren alde lan egiten duten elkarteak aholku batzordeko kide izatea nabarmendu du zinegotziak.
Hortaz gain, 2023rako Enplegu Publikoaren Eskaintzaren aldaketaren berri ematea eta 2024rako Enplegu Publikoaren Eskaintzaren onarpenaren berri eman zuen alkateak. Udalak aurreneko aldiz ezarriko du martxan lanpostuen balorazioa. (Honen inguruko xehetasunak eman ditu gaur goizean alkateak).
Aldi berean, interes orokorreko obrak deklaratzea onartu eta eraikuntza, instalazio, eta obren gaineko zergetan %95eko hobariak ematea onartu zen. Esaterako, Bidasoa Eskualdeko Ospitaleko produktuei, Talaia Eskolako obrei eta Paradorean egin beharreko obra batzuei. Gainera, PSE-EEk erregistratu zuen Gizarte Zerbitzuetako plantilla handitzeko mozioa ere aurrera atera zen, alderdi guztiek alde bozkarekin.
Herritarren mozioak
Udalbatza hasi aurretik, herritarrek, bi mozio aurkeztu zituzten: Herritarren eta bakearen kulturaren aldeko mozioa eta Covidaren pandemian aplikatu ziren neurriak aztertzea eskatu nahi duen mozioa. Bat bera ere ez zen aprobatu.