Giza baliabideen alorrean "urrats sendoak" ematen ari da udala
Giza Baliabideen alorrean egin duten egonkortze prozesuaren berri eman du gaur goizean Igor Enparan alkateak. Baita 2025 urteari begira dituzten erronken berri ere.

Gaur goizean azken urte erdian Giza Baliabideen alorrean egin duten lanaren eta 2025urteari begira dituzten erronken berri eman du alkateak. Zehazki, burututako egonkortze prozesuaren, aurki abiatuko den lanpostuen balorazio obkjetiboaren eta 2025an deituko dituzten lan eskaintza publikoen (Oposaketak) xehetasunak eman ditu alkateak.
Egonkortze prozesua
Igor Enparan alkateak azaldu duenez, Estatu Espainolean zegoen aldibaterakotasun tasa oso handia zen, eta Europar Batasuneko justizia auzitegiak lege berezi bat ezarri zuen tasa murrizteko helburuarekin. Hala, interinoak ziren langileak egonkortzeko tartea zabaldu zen.
Prozedura guztiak gauzatzeko, gainera, epe jakin bat ezarri zuten; 2024ko abenduaren 31 zen epemuga.
Hondarribian 17 prozedura ezberdin ireki zituzten, 41 pertsona egonkortzeko. Horietatik 16 burutu dituzte eta 40 lanpostu egonkortuko dira, langile batek ez duelako praktikaldia gainditu.
Bukatu gabe geratu den prozedura helegite baten ondorioz pausatu zen. Udaltzaingoko agente lehenen lau plaza egonkortzeko prozedura zen. Alkateak azaldu duenez, “udalak irekitako prozedurari epaitegiek arrazoi eman die, ongi bideratuak zeudela ebatziz”. Hortaz, une honetan izendapenak egiteko lanean daude. “Lau lanpostuetatik 1 izendatu da eta beste 3 daude izendatuak izateko prozeduran”.
Prozesu guzti hau aurrera eramatea sekulako erronka izan dela gaineratu du alkateak: “Erronka izugarria zen Hondarribiko Udalarentzat. Ez genuen estruktura bat halako hautaketa prozesu bat egiteko eta 17 hautaketa prozesu batera egitea sekulako erronka izan da, baina esan beharra daukat lan askoren ondoren, eta teknikari eta politikari askok gure gain hartuta, bide onean eman dela prozedura hau. Udalaren egonkortze bidean urrats sendo bat ematea lortu da”.
Datuak
Gutxi gorabehera udalaren aldibaterakotasun tasa %70 ingurukoa zen iaz, sustapeneko langileak kontatuta, prozesua hasi aurretik. Azken horiek, Eusko Jaurlaritzarekin dagoen lanerako sarbidea errazteko kontratazio berezi baten bidez daude kontratatuta. Horiek kontatu gabe %65eko aldibaterakotasun tasa zegoen udalean, eta soilik lanpostuen zerrendan jasotako estrukturazko langileak kontuan izanda, %50 ingurukoa.
“Egonkortze prozesu hauekin lortu duguna da estrukturazko %50 tasatik %25era pasatzea aldi baterakotasun tasa eta orokortasunean %65 horretatik %40ra igaro gara”.
Dena den, Osakidetzak edo Hezkuntzak egonkortze prozesua hasi aurretik zuten %40eko interinitate tasa zutela nabarmendu du alkateak. Beraz, lanketa handia egin duten arren, erronkak handia izaten jarraitzen duela berretsi du: “Gure maila da beste erakunde askok egonkortze prozesua egin aurretik zuten tasa. Hau da, kristoren erronka dugu Europar Batasunak esaten diguten %8ko tasara iristeko”
Lanpostuen balorazio objetiboa
Giza baliabideetan sakontzeko lanpostuen balorazio obkjetiboa abiatuko du udalak, estrukturazko lanpostuetan dauden langileez gain, iterinitate baten bitartez modu jarraituan lan egiten aritu diren langileak ere badituelako.
Kanpoko ikuspegi batetik erakunde horretan dauden lanpostu guztiak aztertuko ditu Mallorkako Rodriguez Viñals enpresak: “Zer funtzio betetzen diren, zertarako, nola dauden arduretan banatuta, zeintzuk izan behar duten lanpostu horretara sartzeko eskakizunak, zein ikasketa behar diren, ze ordutegi izan behar duen… Hau da, gure estrukturaren azterketa sakona egingo du”.
Azterketa egin ondoren enpresa horrek udalean egon daitezken hutsuneak aztertuko ditu, eta lanpostu bakoitzaren araberako egokitzapenak egingo dituzte.
7-10 hilabete inguru iraungo dituen lanketa izango da eta 80.000 euroko kostua izango du.
Lan eskaintza publikoak (Oposaketak)
Lanketa hori egiten den bitartean langileen egonkortzea ahalbidetzeko oposaketa deialdiak burutuko ditu udalak. 2025ean 15-20 lanposturen oposaketak egitea aurreikusi dute.
Lehenengo prozedura martxan dago jada; 5 administrariren oposaketa deialdia, hain zuzen. Izen emate epea astelehenean (hilak 27) zabaldu zen. Aurki udaltzaingoan beste 5 lanpostu aterako dituzte oposaketa bitartez. Alkateak oinarriak prest daudela jakinarazi du, soilik boletinean publikatzeko pausoa falta dutela.
Horietatik harago artxibariaren lanpostua eta arkitektoen zein aparejadoreen lanpostuak aterako dituzte ere. Baita TAOren 1 edo 2 plaza ere. Horiez gain beste 2 edo 3 prozesu gehiago abiatzea aurreikusi dute.
Une honetan 133 langile daude orotara udalean (horietako 8 sustapenekoak dira).