Zortzi buruhandi berrirekin, hiriaren kultura nortasunaren zati bat berreskuratu du Irungo Atsegiñak
Garai bateko buruhandien erreplika zehatzak bukatzear da elkartea. Jaien aurretik aurkeztu nahi dituzte, ekitaldi berezi batekin.

“Asmo handiko egitasmoa” burutzear da Irungo Atsegiña elkartea. Zortzi buruhandi guztiz berri egiteko prozesua bukatzear dute, eta horrela, 2017an hasitako prozesu bati bukaera emango diote: elkartearen erraldoi eta buruhandien konpartsaren “funtsa eta distira” berreskuratzea, eta aldi berean, Irungo kulturaren jai esparruko “ondare baliotsuak” jarraipena izango du. “Proiektu honek, hiriko kulturan eta historian inbertitzeaz gain, Irungo Atsegiñak jai ondarearen zaintzarekin duen konpromisoa indartzen du. Erraldoi eta buruhandien konpartsa Irungo kultura-nortasunaren funtsezko zati bat da, eta presentzia nabarmena du bere jai eta ospakizunetan, eta urrats hori mugarri bat da etorkizuneko belaunaldientzat”. Buruhandien aurkezpen ofiziala hiriko festak baino lehen egingo dela iragarri du elkarteak, “aurkezpen ekitaldia berezia izango da”. Horrelako konpartsetan buruhandiek erraldoien aldean duten ospe txikiagoa irauli nahi dute Atsegiñakoek.

Atsegiñaren garai bateko buruhandiak. Argazkia: Kutxateka “Fiestas populares. Gigantes y cabezudos por una plaza. Julio de 1925” . Identifikazioa: 27010785.
Buruhandiak 1897an egin eta 1902an erraldoiekin batera Irunera iritsi zirenen erreplika zehatzak dira; horiek Aquilino Rodriguezek erosi zituen. Eskuartean tailerra egiten ari da horiek sortzeko lanak, dokumentazio eta ikerketa prozesu zorrotza jarraituz: “Jatorrizko itxura itzultzeko asmoz, artisauak ahalik eta modu leialenean ari dira jatorrizko diseinuak kopiatzen, XX. mende hasierako irudietan oinarrituta”.
Orain arteko buruhandiak zaharkituta zeuden, eta adituen arabera, horiek berritzea ez zen bideragarria; gainera, zalantzen zen ea horiek jatorrizkoak ote ziren. “Egoera horren aurrean, elkarteak bere esentzia berreskuratzeko erabakia hartu zuen figura berriak sortuz, bere estetika tradizionala errespetatuz eta Irungo kaleetan bere etorkizuna bermatuz”.
Pozik dira egindako lanarekin Irungo elkartekoak. Ziur dira hiriari ekarpen handia egingo diotela: “Proiektu honen amaierarekin, Irun’go Atsegiña Elkarteak erraldoien zaharberritzearen hasieran ezarritako helburua betetzen du: konpartsa bere osotasunean berreskuratzea, bere distira eta etorkizunerako babesa bermatuz. Ahalegin horrek, tradizioa biziberritzeaz gain, Irungo kultura-nortasuna indartzen du, ondare baliotsu horrek kaleetan eta hiriaren bihotzean bizirik jarraituko duela ziurtatuz”.