EH Bildu: "Indarkeria matxista ukatzea haren alde egitea da"
Hondarribiko Emakumeak elkarteak sare sozialetan plazaratu zuen komunikatu bati erantzun eta elkartearen balioak mahai baten bueltan erakustera gonbidatu dituzte bilkideek.

Duela sei egun Hondarribiko Emakumeak elkarteak komunikatu bat plazatu zuen sare sozialetan, Hondarribiko udalak Urtezahar festan gertatutako eraso matxista salatzeko egindako adierazpen instituzionalari erantzunez. Elkartearen ustez gertatutako erasoa ez zen matxista izan, “indarkeria komuneko ekintza”, baizik. Hori dela-eta, udalari “arduragabe” izatea leporatu zion, indarkeria matxista “fribolizatzeagatik”.
Gaurkoan EH Bilduk ohar bat plazaratu du adierazpen horiei erantzunez. Bilkideek argi adierazi dute “indarkeria matxista ukatzea haren alde egitea” dela. Eta hori gutxi balitz, egoeraren irakurketa propioa eginez udal teknikari eta profesionalen lana “gutxietxi” egin dutela jakinarazi diete.
“Izugarriak dira elkarte honek urteetan emakumeen eskubideen kontra eta hauen defendatzaileen aurka azaldu dituen jarrerak, normaliza ezina normalizatuz”, egin dute gogoeta.
Hondarribiko Emakumeak taldeak egindako komunikatuan, gainera, EH Bildu alderdiko kide baten kontra egin zuten, San Tomas egunean elkarteak jarri zuen karparen harira politikariak egin zituen adierazpenak gaitzetsiz. Bilkideek pertsonalizazio hori “onartezina” dela esan dute, eta aldi berean, jarrera horiek “emakumeen eskubideekiko eta horiek defendatzen dituzten norbanako elkarte, alderdi politiko edota eragileekiko aktibatzen duten jazarpen estrategia mugagabea” erakusten dituztela.
Euskal Herria Bildu alderdi politikoak “tolerantzia eta kultura demokratikoa” defendatzen dituela oroitarazi dute, “hori bai, hitzez eta ekintzez”. Horregatik, Hondarribiko Emakumeak elkarteko kideak balio horiek mahai baten bueltan erakustera gonbidatu dituzte, “gure herriko jaietan parte hartzeko dugun eskubideari behingoagatik irtenbide justu bat emateko”.