Abotsanitzek "harriturik" erantzun die jeltzaleen akusazioei
Aurrekontuak osorik exekutatzeko eta gardenak izateko konpromisoak bete ez izana leporatu zion EAJk udal gobernuari iragan astean. Abotsanitzek salaketa horiei erantzun eta 2024ko aurrekontuen likidazioa ixten denean eztabaida publiko batean parte hartzeko gonbita egin die jeltzaleei.

Iragan ostegunean Aurrekontuak osorik exekutatzeko eta gardenak izateko konpromisoak bete ez izana leporatu zion EAJk udal gobernuari. Gaurkoan Abotsanitzek “harriturik” erantzun die jeltzaleei. Harrituta, batez ere, EAJ alderdian gobernuan zein kudeaketan esperientzia izandako politikariak daudelako, “Gonzalo Carrion, Maria Serrano edota Juan Luis Silanes”, esaterako.
Herri plataformako kideek azaldu dutenez egutegi fiskala ez da urtea bukatzerakoan amaitzen, martxoan baizik -normalean-. “Honekin gauza bat erakutsi digu jeltzaleen prentsa oharrak: Azken agintaldietan, kudeaketan egon direnean, ez zekitela prozedurak nolakoak ziren”.
Bestetik, gardentasun faltaren salaketaren aurrean erantzun argia eman dute Abotsanitzekoek: “Eskuratu dituzten datu eta faktura kopuru mordoa kontsultatu ahal izan dute udalean dugun aplikazioaren bidez. Iraganean guk jarraipen kontrola egin nahi genuenean zailtasunak izaten genituen”.
Herri plataformako kideei “kosta” egin zaie sinestea “EAJ bezalako alderdi serio batek” halako “akats” administratibo batean erori izana 30 urtez agintean egon ondoren. Beraz, ziur dira iragan asteko oharraren helburua desinformazioa izan zela.
“Oso modan dagoen estrategia politikoa da datuen eta ebidentzien gainetik errealitate paralelo bat eraikitzea, esparru politiko ilunenetatik eratorritako estrategia arriskutsua. Tamalez, hasieratik erabili duten estrategia izan da oposizioa egiteko, eta behin lotsa kenduta, ez dirudi geldituko direnik. Baina legezko alderdia badira eta haien burua seriotzat hartzen badute gustatuko litzaiguke edozer gauza bota baino lehenago gauzak pare bat aldiz pentsatzea eta herritarren ordezkariak diren heinean zintzo jokatzeko ardura demokratikoari heltzea. Azkenean, desinformazioaren galtzaile nagusia ez delako ez Abotsanitz ezta gobernu taldea, herritarrak baizik”.
Hori guztia esanda, 2024ko aurrekontuen likidazioa ixten denean, “gardentasunaren hautuari jarraiki”, martxo aldera eztabaida publiko batean parte hartzeko gonbita egin diete EAJko kideei.