42.924,74 euro Adeles eta Afagi elkarteentzat
Sport Mundi GKEak hilaren 26an banatu zizkien Adelesi zein Afagiri Beñat Elzo eta San Silvestre lasterketetan bildutako txekeak.

Hilaren 26an banatu zituen Sport Mundi GKEak Beñat Elzo lasterketan zein San Silvestrean bildutakoak. Guztira 42.924,74 euro bildu zituen GKEak Gipuzkoako bi elkarteentzat; 20.945 euro Beñat Elzo mendi lasterketan jasotakoak Adeles elkarteak jaso zituen eta San Silvestre lasterketan bildutako 22.016,77 euroak Afagi elkarteak.
Lupus gaixotasuna duten pertsonak laguntzen dituen irabazi asmorik gabeko elkartea da Adeles. Gaixotasuna ulertzen eta kudeatzen laguntzen diete bertako kideei, tailerren eta laguntza psikologikoaren bidez. Aldi berean, gaixotasuna ezagutarazteko lan handia egiten dute.
Afagi, berriz, Alzheimerra eta beste dementzia motak diagnostikatzen zaizkien pertsonentzako eta haien familientzako euskarri den elkartea da. Besteak beste, aholkularitza, formakuntza eta arreta eskaintzen die elkarteak.
Klink elkartean banatu zituzten bi txekeak, afari solidario batez gozatu ondoren. Afarian bertan bi mila euro inguru gehiago bildu zitzaketela aurreratu zuten.
Bi lasterketak Sport Mundi GKEak antolatzen dituen arren, lantalde ezberdinak arduratzen dira lasterketak antolatzeaz eta aurten lehen aldia izan da bi elkarte ezberdinei laguntzeko apustua egin dutena.