Santiago kaleko lehen zatia berrurbanizatzeko lanak, bukatuta
Proiektuarekin irisgarritasuna bermatu nahi izan du udalak, mugikortasun irisgarriago baten alde eginda.

Bukatu dituzte Santiago kalea berrurbanizatzeko joan den uztail hasieran abiatu zituzten lanak. Horrenbestez, zabalik da berriro ere kale horren 1 eta 21 zenbakien arteko gunea, Igor Enparan alkateak eta Estitxu Urtizberea Hiri eta Lurralde Antolakuntzarako zinegotziak, udal teknikari eta obrako zuzendaritzan aritu diren teknikari eta langileekin egindako bisitan. Proiektuaren helburua irisgarritasuna bermatzea izan dela adierazi du Enparanek, “bizilagunei eta erabiltzaileei begira, mugikortasun irisgarriago baten alde egin dugu horretarako”.
Hala, oinezkoentzako espaloiak zabaldu eta zeuden oztopo arkitektonikoak ezabatu dituzte lanen bidez, paraleloan doan San Pedro kaleko irizpide berak erabilita.
Lurpeko azpiegiturak ere berritu dituzte, halaber, Txingudiko Zerbitzuekin elkarlanean: saneamendu eta ur hornidura sareak, baita telefono eta argindar azpiegiturak ere.
Urtizbereak azaldu du bestalde, hiri altzariekin batera, argiteria ere moldatu duela udalak, eta argiztapen berritzeari genero ikuspegia egin dio zinegotziak, “ikuspuntu horretatik begiratuta garrantzitsua dela berritze hori uste dugu”. Kalea berrurbanizatzea aspalditik espero zen proiektua dela erantsi du udal ordezkariak, “kalearen izaerak dituen barrera eta gabeziak zuzentzeko balio izan du, bizilagunen eta bertan lan egiten duteen egunerokoa errazagoa eginez pertsonentzako erosoagoak eginez”.
Harresilandia kaleko asfaltoa ere berritu du udalak, kalearen hasieran dagoen Soroetara igotzeko tuneltxoa egokitu da, eta Bienvenida Emazabel plazatxoko lurra garbitu da.
Lanak aurreikusitako epean bukatu direla zehaztu dute, sei hilabete iraun dute eta 1.183.846,74 euroko inbertsioa egin du udalak. Emaitzarekin, pozik.
Behin lanak bukatuta, trafikoa aurretik zuen zentzura itzuliko da; Santiago kaletik sartu eta San Pedrotik atera beharko da. Kalean, gainera, ezingo da autorik utzi, eta ahal dela, garajea dutenek eta hortik igarotzea ezinbestekoa dutenek erabiltzea litzatekeela egokiena zehaztu du Enparanek.