EH Bildu: "Ez dirudi urtarrilean 2025eko aurrekontua onartuko denik"
Negoziatzeko eskua luzatuta dutela adierazi du koalizio subiranistak. Halaber, udal gobernuaren planen plangintza publiko egitea eskatu diote.

Udal gobernuak ez du 2025 urteko aurrekontua onartuta, abenduko osoko bilkuran ez zutelako nahikoa babes lortu, eta Irungo EH Bilduk adierazi du urtarrila bukatzen ari dela eta ez dirudiela onartuko direnik.
Izan ere, urtarrileko osoko bilkura aurretiko batzordean udal gobernuak ez du aurrekontuak berriro eztabaidatzeko asmorik adierazi. Urtea 2024ko aurrekontuaren luzapenarekin hasi dela urtea oroitu du koalizio abertzaleak eta egoera hau bideratzea “ezinbestekoa” dela adierazi du Oihana Briones bozeramaileak.
EH Bilduk hiriarentzako estrategikoak diren gaiak jaso zituen, eta akordiora iristeko negoziazioekin jarraitzeko prestutasuna adierazi zuten pasa den hilean. Orain, negoziatzeko konpromisoa berretsi dute. Halaber, udal gobernuari “determinazioz” jokatzea eskatu diote berriro ere.
Oraindik ere 2024ko aurrekontua indarrean egotea, hau da, “denboran luzatzeak” hiriarentzako beharrezkoak diren inbertsioen plangintza betetzea zailtzen duela salatu du Brionesek. “Hiritarren beharrei erantzuteko oztopo bat izan daiteke”, gaineratu du. Udal gobernuari gogoratu dio egoera hau bideratzeko ardura duela.
EH Bilduren arabera, Irunek erronka handiak ditu aurretik, eta koalizio subiranistak politika publiko eraldatzaileak martxan jartzeko akordioetara iristeko prestutasuna mantentzen dutela gogoratu dute. Hiriarentzako estrategikoak diren gaien artean, etxebizitza aipatu dute lehenbizi: “Etxebizitzaren gaiari aurre egitea ezinbestekoa da, baina horretarako udaletik etxebizitza publikoaren aldeko apustu nabarmena egin behar da”.
Ondoren, auzoetan dauden beharrei erantzutea dagokiela adierazi du Briones buru duen taldeak. Horretarako, urteko plangintza baten alde egiten dutela azaldu dute, “hurbiltasuneko hiri eredu baterantz aurrera egiteko”. Hiritarren bizitzak “errazteko” bidean, koalizio abertzaleak planteatzen dituen gai estrategikoak jasotzen dituen aurrekontuaren alde egin dute abertzaleek.
Oraingoa “paralisi egoera” dela uste dute eta irtenbide bat eman behar zaiola “lehenbailehen”. PSE-EEk osatutako udal gobernuak bukatu gabe dituen inbertsio eta obren “zerrenda luzea” deitoratu dute: “CBA; Txenperenea; IAM; Plaiaundi; San Migel-Anaka; Korrokoitz eremua; Iparralde-Gal; Emigrazio eraikina; San Migeleko ibai ertzeko eraikina; San Juan plazako udal bulegoen eraikin berria etab”.
Bestalde, Gipuzkoako bigarren hiri populatuena izaki, Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren aurreikuspenetan hiriak pisu handiagoa eduki behar duela uste dute. Era berean, udal gobernuari esan diote aurrera eramatea asmo duten proiektuen plangintzaren berri eman behar dutela. “Irundarrek instituzio hauetatik orain arte egin dena baina askoz gehiago merezi dute”, bukatu dute.