Hondarribiko euskara eta hondarribiarrak batzen dituen murala
'Euskaraz kapen' da Javier Ugarte kalean dagoen irudiaren leloa, "Euskara eta itsasoa, gure nortasunaren bi aldagai nagusi direlako”.

Hondarribiko Udal gobernuak herriko kaleak muralekin apaintzeko enkargua egin die herriko zenbait sortzaileri. Azken hilabetetan lau mural margotu dituzte. Horietako bat egin berri du Naiara Goikoetxeak. Euskaraz kapen leloa du eta Javier Ugarte kalean dago, BAZ bulegoaren aurrean.
Kapen hitzak hondarribiarrez uretara buruz bota esan nahi du eta “Euskara eta itsasoa, gure nortasunaren bi aldagai nagusi” direnez, lotura natural hori egin nahi izan dutela kontatu du Garoa Lekuona Euskara zinegotziak. “Euskaraz buruz bota, euskaraz itsasora bota edo euskaraz euskararen itsasora bota esateko modu bat izan daiteke”.
Gaineratu duenez, Maore Sagarzazu artistarekin elkarlanean ari zirela sortu zen murala margotzeko aukera. Euskara sailaren irudia sortzeko eta herrian euskararen erabileraren kontzientzia pizteko materialak sortzeko prozesuan zeuden Sagarzazurekin, poltsak, pegatinak eta kartelak sortzen. Produktu horiek ere Hondarribiko hitzekin sortu dituzte. “Maorek murala Naiararekin [Goikoetxea] lantzeko proposamena egin zidan eta Kai Zaharreko ideia aurkeztu zigunean —Euskara sailari— argi izan genuen bertan azaldu behar zuen leloak Euskaraz kapen izan behar zuela”.
Hasiera batean Euskal Azokaren baitan margotzeko hitzordua ezarri zuten, baina eguraldi kaskarra egin zuenez atzeratu egin behar izan zuten. Margoketa lanak egiteko herriko gaztetxoen laguntza izan zuen Goikoetxeak.
Muralak
Gainontzeko muralak Kandido Saseta plazan, Talaia Eskolako Bordari eraikinean eta Itsas Etxea Auditoriumean daude kokatuta. Lehena Igor Arrieta (Judas) sortzaileak margotutakoa da. Etorkizuna da haren leloa eta herriko haurrekin elkarlanean margotutakoa da. Bigarrena Talaia Alai proiektuaren baitan eginiko murala da eta Julia Lasak gidatu zuen. Kasu honetan eskolako haurren laguntza izan zuen Lasak, margotzeaz gain, diseinuaren sorkuntzan parte hartu zuten ere. Itsas Etxekoa izan da azkena margotu duten murala. Ainara Oskozek egin du, Mugurgildu hitzaren lelopean.