Ainara Oskozek mural berri bat egin du Itsas Etxea Auditoriumeko kanpoaldean
Auditoriumaren, itsasoaren eta Marinel itsasontziaren artean lotura bat egin nahi izan du Hondarribiko Udalak muralaren bidez.

Ainara Oskozek Jone Iturriaren laguntzarekin egindako mural berri batek betetzen du Itsas Etxea Auditoriumeko kanpoaldea. Portuko elizari begira dauden ateetan egin du artistak murala, eta Murgildu izena jarri dio. Hondarribiko Udaleko kultura sailetik bideratutako proiektua izan da.
Kolore urdina nagusitzen da muralean, baina protagonistak bertan margotutako arrainak dira. Udalak Auditoriumaren, itsasoaren eta Marinel itsasontziaren artean lotura bat egin nahi izan du, eta horren bidez, inguruari bizia ematea izan dute helburu. “Hausnarketa bat ere planteatzen digu lanak, modu batera edo bestera iturri zaharreko ur berriaren modura. Bizi dugun garaia ausardiatik, berrikuntzatik murgiltzeko gonbidapena da”, adierazi du Hondarribiko Udalak.