Aurrera Enpresen Kluba aurkeztu berri dute
Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko enpresen artean harremanak sendotzea du helburu proiektuak, mugak sortzen dituen traba administratiboak ekiditen lagunduz.

Mugazgaindiko enpresen klub berri bat aurkeztu zuten atzo Ficoban: Aurrera. Joseba Arozenak eta Sebastian Hiribarrenek abiatutako egitasmoa da, eta Hego Euskal Herriko eta Ipar Euskal Herriko enpresen artean harremanak sortzea du helburu.
Mugak sortu ditzakeen traba administratiboen aurrean konponbide baten moduan aurkezten da Aurrera. Iparraldeko eta Hegoaldeko 40 bat enpresa bildu ziren atzo, eta klubeko arduradunek adierazi dute hamabostek jada izena eman dutela Aurrera proiektuan.
Zubi baten moduan egin nahi du lan Aurrerak. Horretarako, haien bazkide egiten diren enpresekin lau topaketa egingo dituzte urtean. Topaketa horietan enpresa bazkideen ordezkariek haien artean hitz egin ahalko dute, negozioa egiteko edota aisialdi momentu bat edukitzeko. Horrez gain, klubak esperientzia gastronomiko bat eskainiko die bazkideei topaketa horietan. Atzo, adibidez, Iñigo Lavado jatetxean egin zuten topaketa, eta aurkezpenaren ondoren, lunch bat egin zuten. Proiektuaren webean enpresaren izena agertzeko aukera ere eskaini dute, ikusgarritasun gehiago lortzeko helburuarekin.
Proiektuak Hondarribiko, Hendaiako eta Irungo udaletxeen babesa jaso du. Aurreran izena eman nahi duten enpresek Basque Agencyren webgunean egin ahalko dute. Urteko kuota 250 eurokoa da.