Nagusikleta, guztien eskura
Nagusikleta herritarrengana zabaltzeko egitasmoa aurkeztu zuten atzo Puntala auzoko plazan. Mugikortasun arazoak dituzten eta beren etxeetan bizi diren adineko pertsonei zuzenduko zaie.

Balazta eta Nagusilan elkarteek duela urtebete abiatu zuten Nagusikleta programa. Irun eta Hondarribiko egoitzetan dauden adinekoekin [Hondarribiko San Gabriel, Betherram, Uliazpi eta Gibeleta, eta Irungo Caser Anaka, Ama Xantalen eta Inmaculada egoitzetako adinekoekin] bizikleta ibilaldiak egiten dituzte. Gehientsuenek esperientzia errepikatzen dutela kontatu zuen atzoko aurkezpenean Manu Eizagirre Balazta elkarteko kideak.
Azken urte honetan 50 ibilaldi kontabilizatu dituzte eta horiek egin bitartean herritar asko gerturatu izan zaie gurasoek programan parte hartu zezaketen ala ez galdetzen. Nagusikleta herritarrengana zabaltzeko ideia horrekin bueltaka zebiltzan arren, etxeetan dauden adinekoak bilatzea eta haiekin koordinatzea “zailagoa” zela nabarmendu zuen Nagusilaneko Jesus Mari Gerrak.
Aurrerantzean, ordea, Udal Gizarte Zerbitzuari esker posible izango dute. Hondarribiko Udalak duela gutxi abiatu du Auzosare programa, adinekoen bizi kalitatea hobetzeko eta gizarteratzea sustatzeko egitasmoa. Proiektuaren berri izan zutenean Nagusikleta hari atxikitzea eskatu zuten Balaztako zein Nagusilan-eko kideek, eta udalak proposamena esku zabalik hartu zuen.
“Bakardade programarekin bat egiten du Nagusikletak, elkartekideek auzozain bezala parte hartzeko aukera ematen duelako, aterako dituzten pertsonen jarraipena eta zaintza egiteko balioko duelako eta Gizarte Zerbitzuekin guztiz konektatuta egongo direlako” azaldu zuen Josu Peña Gizarte Kohesiorako zinegotziak. “Gainera honek adineko gehiagorengana iristeko aukera emango digu”.
Programan parte hartzeko adin finkorik ez dagoen arren, mugikortasun arazoak dituzten pertsonei zuzentzen zaie. Hala, aukera izango dute aspaldian joan ez diren txokoetara joateko: Kai Berrira, Amutera edo Jaizubiako Paduretara, besteak beste.
Herritarren eskura
Egitasmoan parte hartu nahi duenak udal webgunean edota udal erregistroan eman beharko du izena. Izen emate guztiak gizarte langile batek jasoko ditu eta Balazta elkarteari helaraziko dizkio, ondoren hitzorduak ezartzeko.
Proiektuaren zabalpen honek forma hartzen duenean ibilaldiak egun zehatz batera mugatzeko asmoa dutela kontatu du Eizagirrek. “Zerrendaren eta aukeren arabera zehaztuko dugu”. Egun finkoa ezartzea, ordea, ez da lan samurra izango. Elkartekideak azaldu duenez, Nagusikleta boluntarioen laguntzarekin ateratzen da aurrera, “eta gehiago behar ditugu”. Horretaz gain, eguraldiaren menpe izaten dira ere eta iaz hitzordu asko bertan behera geratu behar izan ziren. Irteera bakoitzean 3 boluntario behar dituzte gutxienez, eta “4 edo 5 bagara hobe!”.
Zenbait kasutan senideen laguntza beharko dutela aurreratu dute ere, trizikloekin zaila delako herriko zenbait puntutara iristea. “Hondarribia herri zaila da gauza batzuetarako. Alde Zaharrera trizikloarekin igotzeko, adibidez, pertsona gainean dagoela oso zaila da, baserri asko daude…”. Beraz, zenbait kasutan adinekoak herrira jaisteko, edo etxeko atarira gerturatzeko senideen laguntza beharko dute. Aldi berean, Behemendi bezalako zerbitzuarekin koordinatzeko aukera izango dela aurreratu dute.
Eizagirrek lotsarik ez izateko eta trizikloetan paseoak emateko pausoa emateko eskatu die herritarrei: “Animatu nahi dut jendea paseatzera etortzeko. Batzuetan, lotsak direla, kosta egiten zaie. Probatzera etorri daitezela, errepikatuko dute ziur”.