Saturninon Semiak, mendi proban garaile
Hondarribiko Olinpiaden hirugarren eguna egin zuten atzo talde partaideek. Jaizkibel barrena ibili ziren gazteak, koordenatu bidez bost puntu lotuz eta euskal mitologiako pertsonaiak bilatuz.

Jaizkibeletik barrena ibili ziren atzo Hondarribiko gazteak. Hondarribiko Olinpiaden hirugarren proba (mendi proba) egin zuten atzo, eta Saturninon Semiak taldea izan zen garaile. Kirol gutxi egiteko itxaropenarekin iritsi ziren atzo partaideetako batzuk, baina azkenean, ibilaldi luzea egin behar izan zuten. “Ia hamabost kilometro egin ditugu, baina gutxienez atzo gaueko txar guztia izerditzeko balio izan digu”, esan zuen Atletik Klub Txiplau taldeko partaide batek, proba ondoren tortilla pintxo bat jaten zuen bitartean.
Bi puntutan zatitu ziren taldeak probari hasiera emateko. 9:30ean zortzi talde Guadalupeko gurutzean elkartu ziren, eta beste 20ak Oiamungogainan. Abiapuntuan beste leku batera joateko argibideak jaso zituzten. Nora joan jakiteko, antolatzaileek koordenatuak banatu zieten. Bost puntuk osatzen zuten igande goizean egin beharreko ibilbidea: Guadalupeko gurutzea, Santiagotxo ermita, Higer itsasargia, Artzuko errota eta rompeculos malda.
Kokaleku bakoitzean proba txiki bat egin behar zuen talde bakoitzak, hurrengo probako koordenatuak lortzeko. Santiagotxon talde bakoitzeko bi partaide buruz behera jarri behar ziren, hirugarren batek argazkia ateratzen zuen bitartean. “Guk zaila izan dugu Santiagotxoko proba, taldetik bi bakarrik agertu gara probara eta”, esan zuen Gureak Egin Du taldeko kide batek. Proba fisikoa izan arren, antolatzaileek partaideen burua ere martxan jarri nahi izan zuten. Higer itsasargian Euskal Herriko mendien inguruko galdetegi bat erantzun behar zuten, eta rompeculos maldan, aldiz, euskal mitologia ardatz zuen gurutzegrama bat osatu behar izan zuten.
Mitologiak protagonismo berezia izan zuen atzo Jaizkibelgo bideetan. Antolatzaileek euskal mitologiako pertsonaien irudiak ezkutatu zituzten mendiko txoko ezberdinetan. “Taldeek puntutik punturako ibilbideetan irudiak jaso behar zituzten. Pertsonaia batzuk onak ziren, eta beste batzuk txarrak, hau da, gaiztoak. Azken horiek jasotzen zituen taldeak penalizazio bat jaso zuen proba amaitzean, eta onak jaso zituztenek haien denbora murriztea lortu zuten”, azaldu du probako antolatzaileetako batek. Horrez gain, bazegoen pertsonaia berezi bat: Mari. “Mari aurkitzen zuen taldeak zuzenean eguneko proba irabazten zuen, ibilaldia lehenengo ala azken postuan amaitu arren”. Hori izan zen Saturninon Semiak taldearen kasua. Mari aurkitu zuten, eta horregatik mendi probaren irabazleak izan ziren. Amonan Xalda Berua taldea izan zen bigarrena.
Ibili ondoren, tortilla eta txorizoa
Proba 13:00etan bukatu zen, eta Gureak Egin Du taldea izan zen Guadalupera iritsi zen azken taldea. Bestalde, parte hartu ez zuen talde bakarra Ur Karruxa izan zen. Proba ondoren, indarrak berreskuratzeko aukera izan zuten partaideek. Tortilla eta txorizo pintxoak izan ziren Guadalupeko gurutzearen azpian, eta janaria laguntzeko sagardo botilak goiz osoan zehar egon ziren freskatzen. Musikarekin girotu zuten eguerdia, urtarrileko probari amaiera emanez.
Iazko azaroan hasi ziren 2025eko Hondarribiko Olinpiadak, eta abenduan herri kirolak euriagatik bertan behera utzi ziren arren, antolatzaileek baieztatu dute beranduago egingo direla. Aurten ez dago sailkapenik, eta proba bakoitzeko lehen bi taldeek abantailak lortuko dituzte. Abantailak maiatzeko proban baliatzeko dira, eta proba hura irabazten duen taldea izango da aurtengo olinpiaden garailea. Oraingoz, Amonan Xalda Berua taldeak bi abantaila lortu ditu, eta Barriotxinokuak eta Saturninon Semiak taldeek bana.
Hurrengo proba otsailaren 8an egingo dute. Hilabete berean bi egun izango dituzte, otsailaren 28an parodiak egingo dituzte eta. Hurrengo egunak martxoak 22, apirilak 27, maiatzak 10 eta ekainak 7 izango dira.
Hona hemen mendi probako zenbait argazki: