Inude eta Artzainen konpartsari forma ematen hasiko da Eraiki
Konpartsa osatzeko bidean batzarra egingo dute hilaren 25eko 12:00etan, Behobiako auzo elkartearen egoitzan.

Eraiki Dantza Taldeak Inude eta Artzainen konpartsari dagozkionak antolatzen hasteko batzarra egingo du hilaren 25ean (larunbata) 12:00etan Behobiako auzo elkartearen egoitzan. Izan ere, otsailaren 23an (inauterian aurreko igandean) girotuko ditu Irungo kaleak konpartsak, baina aurretik antolaketari lotutako zereginak landu nahi dituzte.
Batzarrean, dantzariek izena emateko aukera izango dute. Bertara joaterik ez dutenek ere aukera izango dute izena emateko, horretarako epea zabalik mantenduko dutelako hainbat egunez. Adin guztietako kideek parte har dezakete konpartsan. Bertan, gainera, konpartsa osatzen duten pertsonaiak banatzen hasiko dira.
Desfilearen zati garrantzitsu dira dantzariak. Baina Eraikik oroitarazi du bestelako pertsonaiak ere badaudela segizioaren barruan, hala nola medikuak, erizainak, apaizak, alkateak, baserritarrak eta bestelakoa, “horiek ere ezinbestekoak dira”. Beraz, dantzariei nahiz pertsonaia horiek gorpuztu nahi dituztenei dei zabala egin diete izena eman dezaten.