Argi berdea Behobian babes ofizialeko 36 etxebizitzen proiektua idazteari
Mendipe eremuan alokairurako babes ofizialeko 36 etxebizitza eraikitzeko proiektua idaztea enkargatu du Irunvik.
Irunvik Behobiako Mendipe eremuan alokairurako babes ofizialeko 36 etxebizitzen obren oinarrizko proiektua, exekuzio proiektua eta zuzendaritza fakultatiboa idazteko esleipena egin du. Kontratuaren zenbatekoa 170.000 eurokoa da eta Viejo Camino Real ABEEari esleitu diote. Etxebizitzen diseinu “berezia” sortzea galdegin dio udalak enpresari.
Behin proiektua idatzita, Eusko Jaurlaritzari utziko dizkiote lurrak etxebizitza horiek eraiki ahal izateko. Horretarako, obrak egiteko lehiaketa atera beharko du Eusko Jaurlaritzak.Babes ofizialeko etxebizitza hauen kudeaketa ea Jaurlaritzarena edo Udalarena galdetuta, Jaurlaritzarekin adosten ari diren hitzarmenean oraindik ez dutela zehaztu azaldu du Labordak.
Etxebizitza horien proiektua idatzi bitartean, Irun tentsio handiko eremu izateko Eusko Jaurlaritzaren ebazpenaren esperoan dago udala. Urrian egin zuen eskaera, eta espero dute 2025eko lehen hiruhilekoan jasotzea ebazpena. Bestalde, dagoeneko Mendipe eremuan etxebizitza pribatuak eraikitzen ari dira.