Olentzero eta Gabon kanten Eguberrietako jaialdia, heltzear
Bihar –hilak 20– itxiko da Olentzeroren eta Gabon kanten Eguberrietako jaialdian izena emateko epea, 13:00etan.
Eguberriak gero eta gertuago daude, eta Hondarribiko Udaleko Kultura Saila hainbat ekintza ari da ixten; tartean, Olentzeroren eta Gabon kanten jaialdia. Hilaren 24ko Gipuzkoa plazako hitzorduan izena emateko epea bihar –hilak 20– itxiko da, 13:00etan.
Hona jardueraren xehetasunak:
- Parte hartzaileak: Herriko taldeek edo abesbatzek har dezakete parte, eta taldeak, gutxienez, 20 pertsonak osatu behar dituzte. Partaideen gehiengoa 16 urtetik gorakoa izango da.
- Data eta lekua: Hilaren 24an, 17:30etik aurrera, Gipuzkoa plazan. Eguraldi txarra egingo balu, udaletxeko arkupeetan egingo litzateke.
- Eskaeren aurkezpena: Parte hartu nahi duten guztiek eskaera orria udal erregistro elektronikotik aurkeztu beharko dute (erregistro elektronikoari buruzko zalantzak argitzeko B.A.Z.ekin harremanetan jarri) eta honekin batera, bankuko zigiluarekin elkarte edo ordezkariaren hirugarreneko fitxa beteta. Hilaren 20ko 13:00ak baino lehen entregatu behar da, eta bertan zehaztu beharko da taldea gabon kanta jaialdian ‘gabon kanta’ modalitatean soilik edo bietara (Olentzero + gabon kanta modalitatea) aurkeztu den. Talde bakoitzak euskarazko bi gabon kanta abestuko ditu; bata Olentzeroa eta beste aukera librekoa.
- Ordainsaria: Olentzerorekin aurkezten den talde bakoitzak 400 euro jasoko ditu; gabon kanta jaialdian parte hartzen dutenek, berriz, 250 euro. Sarien batura ez da izango 3.000 euro baino handiagoa, eta 1.0206.482.01.334.00. 2024 partidatik hartuko da. Gabon kanten eta Olentzeroren maila behar adinekoa ez bada, udalak dirusari horien kopurua osorik edo zati batean aldatzeko ahalmena izango du.