Deklaratzera deitu dituzte BIGLAko bi kide
Ertzaintzak identifikatutako bi kidek urtarrilaren 15ean deklaratu beharko dute. Bien bitartean, lokalean segi dezakete eta gaztetxearen proiektuan arituko dira lanean.
Aste honetan lokal bat birjabetu du Bidasoko Gazte Langileon Asanbladak (BIGLA), eskualdeko hirugarren gaztetxea izateko eta “auzoak galdu duen bizitza berreskuratzeko”. Eguzkitza kalean dago gunea eta Antxeta Irratiak gaur jakinrazi du bi gazte identifikatu dituela Ertzaintzak, lokalaren jabeak abisua eman ondoren. BIGLAko kideak lokalaren nagusiekin harremanetan jarri direla baieztatu dute.
Ertzaintzak bi identifikazioak egin eta berehala epaiketa azkar batera deitu zituzten, baina prokuradorea faltan, epaiketa hurrengo urteko urtarrilaren 15era atzeratu dute. Bien bitartean, Eguzkitza kaleko lokalean egon ahalko dira, eta proiektu autogestionatu bat martxan jartzeko baliatu nahi dutela denbora hau adierazi diote Antxeta Irratiari.
Horretarako asanblada irekia deitu dute igande honetarako, 18:00etan. Lokalean bertan bilduko dira.