Euskarazko ipuin eta olerkien erakustokia
Bordari eta Satarka literatura lehiaketen 39. ekitaldia izan da aurtengoa. Lanak jaso ondotik, eztabaida luzea izan du epaimahaiak saridunak adosteko.
Bordari eta Satarka literatur lehiaketaren 39. ekitaldiko sariak banatuko dituzte hilaren 13an Itsas Etxean. Bordari ipuin lehiaketa da, eta Satarka olerkiena. Ekainetik iraila arteko epea izan zen lanak aurkezteko: guztira 25 lan aurkeztu dira; 11 ipuin Bordarirako, eta hamalau olerki Satarkarako.
Epaimahaiaren parte dira Ainara Elizondo eta Pello Otxoteko. Elizondo, ordea, epaimahaikide izan aurretik lehiakide ere izan zen. Sortzez oiartzuarra, Hondarribira joan zen bizitzera, eta institutu garaian ezagutu zuen lehiaketa. Ikastetxean oinarriak ikusi ondotik hemezortzi bat urtez aurkeztu izan ditu lanak lehiaketara, baita hainbat sari irabazi ere. Bordarin nahiz Satarkan parte hartu izan du, ipuinzaleagoa den arren.
Denetariko lanak jaso dituzte epaimahaikideek. Badira «maila amateurra» dutenak, baina baita «maila altuko edo maila polita duten lanak ere», Otxotekoren iritziz. Elizondok ere denetarik irakurri du: «Lan luze astunak, lan luze onak, eta lan labur onak ere izan dira». Landutako gaietan ere aniztasun handia ikusi dute.
Epaimahaiak urrian jaso zituen lanak. Lehen eginbeharra horiek irakurtzea izan zen. Otxotekok azaldu du «urte batzuetan argi» ikusi izan dutela nor izan zitekeen irabazlea, baina beste batzuetan, aldiz, bitan irakurri behar izaten dituzte lan denak. Guztiak irakurri eta bakoitzak gutxi gora-beherako hautaketa egin ondoren, lau epaimahaikideak elkartzen dira bakoitzaren proposamenak aztertu eta eztabaidatzeko: Elizondo eta Otxotekorekin batera, Mikel Arruabarrenak eta Aritz Galarragak osatu dute epaimahaia.
Elizondok adierazi du aurtengoa ez dela urte erraza izan. Bordari ipuin lehiaketan nahiko argi zuten irabazlea, baina, olerki lehiaketan zailtasun gehiago izan dituzte. Lagungarria da epaimahaian hainbat kide izatea bakoitzak bere gustu eta lehentasunak baititu, baina, kopuru bikoitia izatea adostasunera iristeko ez da lagungarria Elizondoren iritziz. Hala ere, luzaz eztabaidatu eta irizpide batzuk onartu ostean, epaimahaikideak ados jarri eta sariak esleitzea lortu dute. Hilaren 13an jakinaraziko dituzte irabazleak, Arantxa Urretabizkaiak gidatuko duen Itsas Etxeko sari emate ekitaldian.
Euskal Herri osotik Hondarribira
Lehiakideei dagokionez, oinarriak aldatu zirenetik nagusiki helduei bideratutako lehiaketak bilakatu dira. Parte hartzaileen artean badago dagoeneko lanen bat argitaratu duenik, baina inoiz ezer plazaratu ez duenik ere bada. Otxotekok gogorarazi du badaudela gaur egun idazle izan, eta Hondarribiko sariak irabazitakoak, horien artean direlarik Fernando Morillo, Irati Goikoetxea, Aritz Gorrotxategi edo Karmele Mitxelena.
Hondarribitik kanpo oihartzun handia du lehiaketak, eta hamaika txokotako jendeak aurkezten ditu bere lanak. Inguruko herrietatik harago badago Iruñetik, Santurtzitik edo Bilbotik parte hartzen duenik ere.
Batzuek lehenengoz aurkeztu dira lehiaketetara. Beste batzuek, ordea, urtero hartzen dute parte. Gainera, urtero parte hartzen dutenetako batzuek behin baino gehiagotan irabazi izan dituzte sariak, adibidez, Iñigo Legorburuk edo Oskar Azkonak. Bordari eta Satarka lehiaketez gain, Euskal Herrian badira beste hainbat literatura lehiaketa garrantzitsu, eta Hondarribikoetan parte hartzen duten asko beste lehiaketetan ere izaten dira.
Ibilbide aldakorra
Hainbeste edizioren ondoren, lehiaketak aldaketa batzuk ere ezagutu ditu. Tartean epaimahaiko kideenak. Besteak beste, Jexux Mari Mendizabal, Mayi Iza edo Markox Balentziaga oroitu dituzte. Hainbat erreleboren ostean iritsi ziren Otxoteko eta Elizondo egungora. Parte hartze aldetik ere izan dira aldaketak, urte askotan lan asko iristen baziren ere beherakada bat egon zelako. Hala ere, berriro goranzko joera hartu eta 25 lan jaso dituzte aurten, «kopuru polita» Otxotekoren ustez.
Oinarriak ere ez dira hasierako berdinak. Lehen 16 urtetik beherakoek ere parte har zezaketen, gaur egun, ez. Gazteen artean euskara bultzatzeko nahia izanda ere, «beste era batean jarduteko beharra» zegoela azaldu du Elizondok. Aurten beste berritasun batekin iritsi da lehiaketa: lehen aldiz, pertsona bakarrak ezingo du sari bat baino gehiago irabazi.
Aurkeztutako lanetan jorratutako gaietan urtero egoten dira berritasunak, baina, Otxotekok nabarmendu du duela urte batzuk migranteei buruzko lanek «gainezka» egiten zietela. Elizondok gogora ekarri du Karmele Mitxelenak ere immigrazioari buruzko lan batekin irabazi zuela. Gai hori «Bidasoaldean gertutik jarraitzen dugun gaia delako» hedatu dela azaldu du, eta prentsan azken urteetan hartutako pisuak zerikusia duela uste du. Hala ere, azken urteetan bizitako gorakadaren ondotik, lanetan gai hori oinarri izanda aurkeztu direnak gutxitu egin direla azaldu dute.