'Beldurrik gabeko abestia' kantatuz, Nagore Laffage gogoan
Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean elkartu dira Zabaltza plazan M8 Asanblada Feministaren ekimenez. Elkarretaratzeaz gain, performance bidez 2024an bi estatuetan eta Euskal Herrian indarkeria matxistak hildako 200 emakumeak gogoratu dituzte.
M8 Asanblada Feministak Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean Irun, Hondarribia eta Hendaiako kaleetara irten da, hiru deialdi eginaz. Zabaltza plazan bildu dira irundarrak eta emakumeek indarkeria matxista “oraindik ere” jasan behar dutela salatu dute.
Canción sin miedo (Beldurrik gabeko abestia) kantatzen hasi dute elkarretaratzea. Jatorrizko abestia gaztelaniaz bada ere, zati batzuetan euskaraz abestu dute, eta indarkeria matxistaren biktima mortalak oihukatu dituztenean Nagore Laffage Casasola izan dute gogoan.
Ondoren, perfomance baten bidez Frantziako eta Espainiako Estatuetan, eta Euskal Herrian 2024an hil dituzten 200 emakumeak gogoratu dituzte.
Indarkeria matxista ukatzen duten Europako politika ultraeskuindarren aurrean egongo direla adierazi dute, erakusteko emakumeek egunero jasaten duten indarkeria existitzen dela. Indarkeria horiek desagertu arte ez direla geldituko aldarri izan dute. “Ezin dugu alde batera begiratu, eta beraz, ahotsa altxatuko dugu oihukatzeko gutako bat ukitzen baduzu, denok aurrean izango gaituzu”.
Eraso matxisten salaketek gora egin dute Irunen iaztik aurtengo iraila artera. Iaz, 224 salaketa jarri ziren Irunen indarkeria matxistagatik, eta aurten, 245 izan dira. Euskal Autonomia Erkidegoan %7,97 igo dira salaketak eta Irunen bataz besteko horren gainetik salatu da: %9,37, hain zuzen. Bestalde, Irungo Ertzain Etxean 247 emakume babestuta daude epaileak hala aginduta.
De la Llana, indarkeria matxistaren azken biktima irundarra
Hilaren 13an, Mossos d’Esquadra Kataluniako Poliziak 53 urteko gizonezko bat atxilotu zuen 2022an emaztea hil izana egotzita. Emakumeak Monica de la Llana izena zuen, 44 urte zituen, eta Irungoa zen. Gorpua ez da oraindik agertu, eta ikerketa zabalik dago.
Gizona hilaren 13an atxilotu zuten, eta emakumeen kontrako indarkeriaz arduratzen den Vallseko auzitegiak (Tarragona, Katalunia) hura fidantzarik gabe espetxeratzeko agindua eman zuen hurrengo egunean. Giza hilketa, gorpua ezkutatu izana eta tratu txar fisiko eta psikologikoak egitea leporatzen diote akusatuari, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak esan duenez.
Irungo Udalak babesa erakutsi die De la Llanaren hurbilekoei, eta indarkeria matxistari “gizarte osoak” aurre egin behar diola nabarmendu du udalak: “Elkarrekin, gure gaitzespena adierazten segitu behar dugu gaitz hau behin betiko desagerrarazteko”.