Irungo Emakumeen Etxea: "indarkeria matxistaren aurka gizarte gisa dugun konpromisoa berritzeko eguna da Azaroaren 25a"
Hirian eragileek antolatu dituzten mobilizazio eta ekintzekin bat egitera deitu dituzte herritarrak.
Irungo Emakumeen Etxearen zuzendaritzak Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harirako irakurketa egin eta zabaldu du. Adierazi du Azaroaren 25a “indarkeria matxistaren aurka gizarte gisa dugun konpromisoa berritzeko” eguna dela, eta “benetako berdintasunaren helburuan bidea egiten jarraitzea” eskatu die herritarrei, “benetako berdintasunarekin bakarrik aurre egin ahal izango diogu gaitz horri”.
Emakumeen espazioko arduradunen arabera, gero eta nabarmenagoa da mezu antifeministak, emakumeen eskubideak ukatzen dituztenak, indartu egiten ari direla sareen bidez, “haien ideologia matxista eta atzerakoiari garrantzi handiagoa ematen saiatzen direla gorroto-mezuekin. Mezu horiek helburu bakarra dute: lekukoa hartu diegun eta gu baino lehenago borroka egin zuten emakume ugarien lorpenak desaktibatzea”.
Borroka egin eta lorpenak gauzatu direlako, horien defentsa egin behar dela azaldu dute etxetik. Hala, egunotan elkarte eta plataforma feministek nahiz erakundeek deitu dituzten mobilizazio eta ekintzetan parte har dezatela eskatu diete irundarrei.