"Tresna errepresiboa erabili dute, baina, kontrakoa lortu dute, indarra hartu dugu"
2023ko irailean Bilbon eta Gasteizen egindako ekimenen harira, Ernaiko 133 kide isundu dituzte, tartean Oarso Bidasoko batzuk. Horri aurre egiteko 'Bat eginez, independentziara' dinamika abiatu dute. Isun bakoitzeko helegite bat aurkeztu dute, eta hilaren 28an izango dute lehen epaiketa.
2023ko irailean Ernaiko 133 kide identifikatu zituzten Bilboko Gobernuko ordezkaritzan eta Gasteizko polizia etxean egindako iniziatibetan. Zer aldarrikatu nahi zenuten horien bidez?
Naroa Etxeberria: Duela urte batzuk hasi zen prozesu judizial edo muntaia politikoa Galder Barbado eta Aitor Zelaia militante politikoen aurka. Urte eta erdi pasa zuten kartzelan, atera zituzten, eta 2023an iritsi zen ofizialki sententzia, bi militante hauek atxilotzea erabaki zuten. Horren aurrean, Ernaik espetxeratze agindu hori salatzeko jarduera ugari egin zituen, eta horietako bi Gasteizen eta Bilbon egindakoak izan ziren. Bertan, poliziak horietan parte hartzen zeuden militante guztiak identifikatu zituzten.
Horietatik hilabete batzuetara 133 identifikatuei isuna iritsi zitzaien. Horietan ba al da Oarsoaldekorik edo Bidasokorik?
Haizea Ruiz: Bertako hiru militante daude.
Etxeberria: Denera identifikatu eta isunduak 133 izan ziren. Gasteizko eta Bilboko zigorrak desberdinak izan dira, batean 1.500 euroko isunak ezarri ditu Lakuak, eta bestean, 2.500 eurokoak. Mobilizazio horietan zeuden eskualdeko hiru militante, eta beraz, hiru isundu izan dira eskualde osoan.
Isun horiek Mozal Legearen bidez jarri dizkizuete. Mozal Legea borroka sozialen aurka modu sistematikoan erabiltzen dela esan izan duzue, baina, oraingoan modu neurrigabean aplikatu zaizuela adierazi duzue. Zergatik?
Ruiz: Horrelako isuna jartzen duten lehen aldia dela uste dut.
Etxeberria: Horrelako kasuak izan direnean lehenengo epaiketa izan da, eta epaiketaren ondoren ezarri izan dira isun horiek. Baina, kasu honetan, Lakuako Segurtasun Sailak erabaki du isunak ezartzea, eta nori ezarriko dizkion. Orduan, alde horretatik, apur bat arraroa edo desberdin egin duten kasu bat izan da, aurretiko epaiketa hori ez delako egon. Gu izan gara isunduak, baina egon dira garai berean beste kolektibo batzuk ere Mozal Legeagatik isunduak. Azken urteetan, Greba Feministan-eta, eman dira horrelako kasu gehiago non zigortuak egon diren. Euskal Herrian daukagun mugimendu sozialen aurka ematen ari den zigorra da: geroz eta identifikatu gehiago, geroz eta isun gehiago. Azken urteetan areagotzen ari den zerbait da.
Ernai deuseztatu nahi dutela ere esan izan duzue. Zergatik diozue hori?
Ruiz: Ezkerreko independentismoa indar handia ari da hartzen azken urteetan. Ikusi dugu gazte independentistak jarri gaituztela jopuntuan. Ernairi isun hauek jartzeak eragilea ekonomikoki itotzea eragiten du, politikoki desagertzeko helburuarekin.
Etxeberria: Orokorrean gizartea geroz eta gehiago mugitzen da. Gazte antolakundean bertan ikusi da: geroz eta militante gehiago gara, geroz eta jende gehiago lerratzen da gure alde. Uste dugu hori frenatzeko operazioa dela, mugitzen hasten den gazte oro beldurtzeko. Segur aski gazteok ordaindu ezin ditugun zigor ekonomikoak erakusteko modua da, eta hau bada beldurtzeko modu bat. Haizeak esan duen bezala Ernai desagertzeko, edo gutxienez jarduna mugatzeko helburua du.
Isun hauek jasotzeak nola baldintzatu du zuen antolakundeko jarduna?
Etxeberria: Ernai bere plangintza moldatzera eta indar handiena isun horiek ordaintzeko jarduna martxan jartzera behartu du. Aurreikusten ez genituen jaialdi edo mobilizazioak egin behar izan ditugu, isun horiek ordaintzeko dirua lortzeko. Horrek ere baldintzatzen du gure jarduna bera: ez dago dirurik egunerokoak aurrera eramateko, ez dago dirurik beste garai batean ematen zitzaizkigun baliabide guztiak aurrera eramateko. Militantziaren zati bat epaiketaren zain dago, eta ekonomikoki horri erantzun behar izateaz gain, pertsonalki neke handia eragiten die militante askori.
Egoera honi aurre egiteko Bat eginez, independentziara dinamika abiatu zenuten, tartean irailaren 8ko manifestazioa ere egin zenuten. Nola lurreratu duzue dinamika hau eskualdean?
Etxeberria: Lehen aipatu dugun moduan, Ernai itotzea zuten helburu, orduan, hasieratik argi eduki dugu guk justu kontrako jarrera bat adierazi behar genuela, eta jasotako isun hauek ez dutela guztiz baldintzatuko antolakundearen jarduna, eragiten duen arren. Militanteok jarraitzen dugu lanean, eta geroz eta gehiago gara. Zigortu gaituzte, baina horrek nahi zutenaren kontrakoa ekarri du, geroz eta jende gehiagok bat egin duelako gurekin, elkartasun handia erakutsi digute.
Adibidez, duela hilabete Oarso Bidasoa mailako jaialdia egin genuen, eta kriston jendetza gerturatu zen, ekonomikoki ere erantzun handia izan zen. Udan zehar aurrelanketa dirua lortzera bideratu dugu, herri mailan madalenak edo data garrantzitsuak ekonomikoki laguntza lortzeko baliatuz. Irailaren 8ko mobilizazioa ere bagenuen mugarri bezala indar erakustaldi bat egiteko. Eskualdean nahiko indar erakustaldi potentea izan den jaialdia egin dugu, eta guri ere motibazio extra bat eman digu. Orain epaiketak ditugu, lehen epaiketa hurrengo astean hasiko da, eta apirilean dagoen beste epaiketara arte luzatuko da, eta hori buruan dugu. Baina, gure jardunarekin aurrera jarraituko dugu, baditugu lanketa lokalak eta herriko problematikari helduko diogu. Epaiketa ahaztu gabe, baina, beste lanketa batzuk ere eginez.
Hurrengo lanketak aipatu dituzuenez, hemendik aurrera zer aurreikusten duzue? Nolako jarraipena emango diozue dinamikari?
Etxeberria: Azaroaren 28an Gasteizen lehen epaiketa izango da, eta Bilbokoa apirilean, orduan, epaiketa horien harira lanketa egingo dugu. Epaiketak denak batera egitea zen asmoa, baina, banaka izango dira, gehiago higatze aldera. Norbanakoa epaitu nahi izan dute, eta guk horri kolektiboki erantzungo diogu. Zigor eskaerak ez dira epaiketara doazen horien kontua bakarrik, guztiok gaude beraiekin. Horri kolektiboki erantzuteaz gain, Oreretaren kasuan herrian ditugun problematikekin aurrera egingo dugu. Bat eginez, independentziara leloa txapel moduan erabiliko dugu, uste dugulako oraintxe bertan independentziaren gaia gazte asko batzen gaituen zerbait dela. Maila lokalean landuko dugu hori, eta askotan aldarrikatzen dugun independentzia edukiz jantziko dugu. Herrian ikusten ditugun problematikei erantzuna emango diegu. Herriko gazteok barneratuak ditugun gai batzuk aldatuko ditugu: abenduaren 6ko Espainiako Konstituzioaren Eguna, espainolismoa, herrian zehar ditugun ikur frankistak, euskararen erabilera eza, etxebizitza problematika… Epaiketaren lanketarekin batera, amesten dugun herri hori elikatzen hasiko gara hurrengo hilabeteetan, erakusteko ez gaudela geldi, erakusteko ez gaituztela erabat baldintzatu.
Isunak jaso zenituztenetik eta dinamika abiatu zenutenetik hilabete batzuk pasa dira, orain nola ikusten duzue osasunez Ernai?
Ruiz: Nik ikusten dudanagatik, gure kasuan behintzat, jende asko hurbildu da, komunitatea ere dezente handitu da. Nik ikusten dut Ernaik indarra hartu duela. Tresna errepresibo hau erabili dute, baina, Naroak esan duen bezala, guztiz kontrakoa lortu dute, erakutsi dugulako ezetz, ez gaituztela geldituko, eta indarra hartu dugu horren aurrean.
Etxeberria: Epaiketa bera erabiliko dugu guk ere borroka tresna bezala. Isunak jarri dizkigute, baina, gure erantzuna “zuek salatuko zaituztegu” izan da, egin dutena oso arbitrarioa delako, neurrigabea. Indartuta gaude eta erantzuna ere indartsu emateko prest gaude.
Isun bakoitzeko helegite bat aurkeztu duzue, zertarako?
Etxeberria: Lehen aipatutakoaren haritik, ikusi da neurrigabea dela ezarri zaigun zigorra eta ez daukala aurrekaririk. Mozal Legea aplikatua izan da lehenagotik, baina, ez era honetara. Gainera, duela gutxi berrikusi zuten legea eta aldaketak egon dira. Orduan, horrek guztiak aukera eman digu beraiek jarri diguten isun bakoitzari erantzuteko. Prozesua nahiko anbiguoa izan da, Lakuako Segurtasun Sailak jarri baitigu isuna, ez da epaiketa baten ondoren jarritako isuna izan. Horregatik erabaki da sartzea helegite bana isun bakoitzeko, horri erantzun eta salatzeko. Helburua isunak deuseztatzea da, oso konplikatua da, eta segur aski ez da emango, baina, gutxienez epaiketa eta egondako irregulartasunak administrazioetara eraman nahi izan ditugu. Hau guri gertatu zaigu, baina, edonori gertatzen ahal zaio, beraz, hau aurrekari ez izatea eta horrelakorik ezin dutela sistematizatu erakutsi nahi dugu.
Ernairen aldeko ekarpena egin nahi duenak nola lagundu dezake?
Etxeberria: Orain arte hainbat jaialdi egin dira, oraindik ere zenbait herritan egingo dira, baina, gurean behintzat egin dugu dagoeneko. Diru bilketa martxan daukagu, edozein herritako militanteengana hurbilduz dirua jasotzen dugu, baita ere Laboral Kutxako ES 14 3035 0108 01 1080050918 kontu korrontera dirua sartuz ere. Abenduan bukatutzat emango den zozketa ere martxan jarri genuen, txartelak salgai daude tabernetan, eta tabernetan ere badaude eltzetxoak ekarpena egiteko. Laguntza humanoa ere behar da, dena ez da ekonomikoa, guregana gerturatzea babesa ematera garrantzitsua da. Jendea aktibatzea da eman dezakegun erantzunik onena.