Oposizioaren prestutasun falta nabari du Abotsanitzek
2025eko aurrekontu proposamenarekiko EAJk eta PSE-EEren interes faltagatik tristura adierazi du Abotsanitzek. Oposizioa eztabaidak intoxikatzen ari dela uste dute muineko eztabaidak ekiditeko.
Aurreko agintaldiko EAJren gobernuari lanerako beste dinamika bat eskatzen zuela oroitarazi du Abotsanitzek, proiektuak denek batera lantzeko eta alderdi guztiek proposamenak egiteko eta eztabaidatzeko aukera berdina izan zezaten. Orain, Abotsanitz dagoela gobernuan, alderdiei aste batzuetako aukera ematen zaie ekarpen edo proposamenak egiteko.
Oposizioak, ordea, ez du prestutasunik erakusten lan dinamika horretan aritzeko Abotsanitzen iritziz. Izan ere, urriaren 31 arteko epea zitzaien alderdiei 2025eko aurrekontuei ekarpenak egiteko, baina, ez EAJ ez PSE-EEk ez zuten ekarpenik erregistratu epean. Abotsanitzek “pena” adierazi du jarrera honengatik, oposizioaren proposamen batzuk interesgarriak direla iruditzen baitzaie, baina, aurrekontuak “propaganda” moduan soilik ulertzen dituzte alderdiaren ustez.
Oposizioa gezurretan dabilela azaldu du Abotsanitzek. Izan ere, PSE-EEko bozeramaile den Iosu Alvarezek bilerarik egiteko alkatearen gonbidapenik ez duela jaso esan zuen, eta Abotsanitzek dioenez gonbidapena jaso zuen baina Alvarez izan zen erantzunik eman ez zuena. Gainera, PSE-EEko bozeramaileak aurrekontuan herriko lurzorua erostek partidarik ez zegoela adierazi du, baina, Abotsanitzek jakinarazi du 834.258 euroko diru-partida dagoela horretara bideratua, besteak beste, Baluarte inguruko lurrak diru horrekin erosi dira.
Abotsanitzek dioenez, hiri ereduaren inguruko eztabaida ekiditeko oposizioa “eztabaida lokaztu eta bulo eta gezurrak” zabaltzen ari da. 2023ko maiatzaren 28ko hauteskundeetan hondarribiarrek “aldaketa” bozkatu izana ezkutatzea bilatzen du oposizioak Abotsanitzen ustez, aurreko gobernuak etxebizitza, gizarte kohesio, hiri eredu edo berdintasuna bezalako gaietan hutsuneak utzi baitzituen.
Gainera, Abotsanitz udal gobernuan dagoenetik urte eta erdi pasata, PSE-EEren jarrera aldaketagatik “dezepzioa” sentitzen dute. Abotsanitzek kargua hartu zuenean Iosu Alvarezek “aldaketez beteriko agintaldia” eta “azken urteetan gobernuan egon den indarrak egindako kudeaketaren aldean ezberdina den beste eredu bat” bultzatzeko borondatea adierazi zuen. Horregatik, Abotsanitzek PSEri ezkerreko politikak egitera itzultzeko eskatzen dio, duela urte eta erdi adierazi zuen bezala.
21 proposamen biltzen ditu Abotsanitzek herritar eta eragileekin batera osatutako aurrekontuak, 2.564.000 euroko kopurua osatzen du. Nortasuna sendotzeko batzorderako 52.000 euroko aurrekontua proposatzen dute, gizarte kohesiorako batzorderako 67.000 eurokoa, hiri eta lurralde antolamendurako batzorderako 2.385.000 eurokoa, eta azkenik, 60.000 euroko aurrekontu proposamena.