Memoria feministaren lehen lerroak
Lau hamarkadaz ahanzturan izandako emakume gazteen bahiketa eta bortxaketei argia emango die argitalpen batek. Memoria historiko feminista ontzeko bidean lehen urratsa da.
Bahitu eta bortxatu egin zituzten, eta horietako bi erail: Mari Jose Bravo 16 urteko donostiarra eta Ana Tere Barrueta Loiuko 19 urteko gaztea. 1979 eta 1980 urteen artean hainbat emakume gazte bahitu eta bortxatu zituzten Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Errenteria-Oreretan, Irunen eta Bermeon. Berbera izan zen erasotzaileen ekiteko modua kasu guzti-guztietan: armak baliatuta eta inpunitate osoz aritu ziren. Emakume gazte horiei eraso eginda terrorea zabaltzea zuten helburu, frankismotik ateratzeko eta ezarritako rolak iraultzeko lanean ari zen jendarteari abisua ematea. Erasoen atzean talde parapolizialek —Gerrilleros de Cristo Rey, ATE, Triple A, Batallon Vasco Español, GAE, GAL— kasu batzuetan bere gain hartu zituzten bortxaketak eta heriotzak ere, beste batzuetan ez, baina inork ez du zalantzarik guzti-guztiak haiek eginak izan zirela. Berrogeita lau urte joan dira, eta gertakarien gaineko isiltasun lauza zartarazi dute, egia, emakumeek kontatua, azalarazteko.
Ulertzea, bizitzaren bila. Emakume gazteen bahiketa eta bortxaketa, 1979-1980 argitalpena aurkeztuko dute hilaren 28an Errenteria-Oreretako Lekuona Fabrikako plaza horian, 18:00etan. Argituz elkarteak egin du ikerlana, eta hura osatzeko prozesua ikuskatu du Errenteriako Udaleko Berdintasun Kontseiluak; hitzaurrea, Nerea Barjola politologo feministarena da, eta hura ere ariko da Arantxa Iraola Berria egunkariko kazetariak gidatuko duen aurkezpen ekitaldian. Bigarren hitzaurre bat ere badu lanak, Berdintasun Kontseiluak idatzia.
Garrantzi bizikoa da argitalpen hori, hamarkada luzetako isiltasunarekin bukatuko duelako, besteak beste. Egin duten modua da are garrantzitsuagoa, iraganari esanahi berria eman diotelako ez ahazteko, edukiz beteta, eta memoria eraikitzeko. Barjolak hitzaurrean nabarmendu duen moduan, «gure gorputzek oroitzen dute, hitz egiten dute, adierazi egiten dira eta hegemonia patriarkala desegiten dute erreparazio kolektiborako bideak urratuta».
Berdintasun Kontseiluko kide dira Txelo Berra eta Karmele Fernandez Boga. Gertu-gertutik ezagutzen dituzte gertakari horiek, eta Errenteria-Oreretako memoria feminista berreskuratzeko lanean aritu zen Memorandra kolektiboaren kide izan ziren. Kolektibo horrek bahiketa eta bortxaketen gaineko lanketa egin zuen, besteak beste, eta garaiko artxibo, argazki eta informazioa bildu zuen. Argi dio Berrak: «Egin beharreko lana zen honakoa, errelato handien berri dugu, baina alde batera uzten dugu emakumeon historia. Bahiketa eta bortxaketa horiek gure herrian gertatu dira; jakin badakigu horren atzean ikaragarri sufritu eta gertatutakoa berriro oroitu nahi ez duten emakumeak daudela, eta hortaz, tentu handiz landu dugu gaia». Hala ere, berriro esan dute ez duela Berdintasun Kontseiluak zalantzarik izan: «Gai honi orain arte izan ez duen argia eman behar genion, jende asko baitago herri honetan ez dakiena hori gertatu zenik, ezkutuan gelditu zelako giza eskubideen urraketa ohikoa zen testuinguru betean, eta gainera, emakumeak zirelako».
Erregimen politiko-sexista
Harago jo dute, erasoak testuinguru politiko eta sistemiko batean kokatu dituzte: «Emakume bati egindako erasoa, gainontzeko emakumeentzat abisua da. Emakumeak aurrera pausuak ematen ari ziren kalean, lantegietan, sindikatuetan, tabernetan, batzarretan… Emakume feministak bazeuden, eskubide sexualak eta mugimendu feminista bat aldarrikatzen ari ziren, eta erasoen bidez leku horiek ez zirela beraienak argi utzi nahi zieten, ordura arteko emakumeen rola aldarazteko saiakera zigortu. Emakumeak eraldaketaren aldeko eragile politiko ziren». Kasu guztien atzean izan zen, eta gaur- gaurkoz indarrean jarraitzen duen inpunitate eta isiltasunak are larriagoa den testuingurua erakusten duela jarri dute nabarmen, Barjolaren hitzei erreferentzia eginez: «Emakumeen bahiketa eta tortura sexuala onartzen duen sistema erregimen politiko-sexista da. Beste moduan esanda, tortura sexuala, hilketa eta borondatez kontrako desagertzea ez da zorte txar kontua, ez da inoiz gerta daitekeen zerbait; sistema soziala egituratu eta antolatzen duen nozio politikoa da».
1979-1980ko gertakarietara eramanda, berebiziko garrantzia hartzen duela horrek gaineratu dute Berdintasun Kontseiluko kideek. «Sexu bortxakeria, estatuaren bitartekoek inpunitate osoz erabil dezaketen paradigma politiko, kultural eta sozial baten barruan kokatzen den bortxakeria dela erakusten du. Argitalpenera bildutako bortxaketa eta bahiketak erregimen politiko aldaketa baten testuinguruan gertatu ziren. Une hartan, biolentzia sexuala izendatu zuen mugimendu feministaren borrokak emakumeak gizonen eztabaidaezineko dominazio eta sumisio marko batean kokatuta, ezarritako sexu ordenua desafiatuz».
Halako testuinguruan herriak eman zuen erantzunari aitortza egin dio Berrak: «Ikusgarria izan zen herri gisa bortxaketa horiei eman zitzaien erantzuna, manifestazio handi-handia, piketeak, greba orokorra. Beldurrak airean, kalea hartu eta erantzun eredugarria emateko gai izan ziren, autodefentsa egin zuten, eta mugimendu feminista blokean atera zen kalea emakumeona ere badela esateko. Bazuen jendeak etxean gelditzea, beldurrez. Baina ez zen horrela izan, harro egoteko moduko erantzuna eman zuen herriak». Testuinguru horretan eta bortxaketak salatzeko deitutako greba orokorraren bezperatan Lezon Karlos Saldise hil zutela du gogoan Berrak, «pertsona berak izango ziren bortxaketak egin zituztenak eta Saldise hil zutenak».
Indarkeria matxistarik gabeko herria
Argitalpen berriak gertakariak kontatzeko balioko du, baina Berdintasun Kontseiluak beste urrats batzuk egitea ekar dezakeen itxaropena ere badu. Horren harira, Fernandez Bogak azaldu du artxiboak sekretupetik ateratzea aldarrikatu duela Argituz elkarteak. «Erasotzaileek inpunitate osoa dute: ez ikertzeko inpunitatea, artxiboak sekretupetik ateratzeko inpunitatea. 45 urte geroago inork ere ez du pentsatu gertakari horiek nahikoa larriak izan direnik erasotzaileak aurkitu, izena eta abizenak jarri, eta egin zutena argitzeko. Interesgarria da erasotzaileak identifikatzea, baita jakitea ere nork erabaki zuen ez ikertzea eta zergatik. Inoiz ez da horretaz hitz egin».
Itsaso Cruz Berdintasun zinegotziak Hirugarren Berdintasun Planaren barruan kokatu du argitalpena: «Indarkeria matxistarik gabeko herria dugu helburu, eta horra iristeko hainbat ibilbide eta lan ildo jorratzen joan gara eta landu behar ditugu aurrerantzean. Hala nola, sentsibilizazioa, indarkeria matxista bizi duten emakumeei arreta integrala ematea, edota erreparazioa, aitortza eta ahalduntzearekin lotutako ibilbidea». Azaldu du testuinguru horretan heldu zela Argituz elkartearen ikerketa osatua 1979-1980 urte arteko gertakarien harira, «gure egin behar genuen. Berdintasun Kontseilura eraman, eta han erabaki genuen bidea izan zitekeela erreparazioa eta memoria historikoa osatzen hasteko».
Zalantzarik ez du Cruzek; argitalpenak «barruak mugituko» dituela sinistuta dago: «Anonimoki landu da, eta ikusi nahi dugu zein eragin duen gizartearengan, gauza berriak sor daitezke hemendik… ikusiko dugu». Argitalpenaren atzean lanketa handi-handia dagoela esan du. «Hilabete luzekoa izan da gugana heldu denetik Berdintasun Kontseiluak egin duen kontraste lana. Osatze bat izan da, lur hartze bat Errenterian, erasoak Euskal Herriko beste hainbat hiri eta herrietan ere izan zirelako». Errelatoa begirada zehatzarekin egin nahi dutela gaineratu du Cruzek, «garrantzi bizikoa da emakumeon errelatoa emakumeon begiradatik sortzea eta terminologiaren birdefinizioa emakumeok egitea, ez baitugu izan aukerarik gure historia guk geuk kontatzeko».
Prozesu honetan guztian zailena herritarren zati handi-handi batentzat galduta zegoen gertakariak berreskuratzea izan dela diote Berdintasun Kontseiluko kideek. «Mugimendu feministak garaian gorde zuen dokumentazioa, gorde zituen argazkiak, errelatoa existitzen da, gugan jaso dugu, baina gainontzeko herritarrentzat ez da existitzen; kontatzen dugunean jendeak galdetzen digu ea hori hemen gertatu zen. Memoria hori nola berreskuratu eta herri osoarekin nola partekatu izan da zailena, eta nola egin inor kaltetu gabe, oso ezkutuko gaia izaten jarraitzen duelako. Bortxaketa tabu sozial handia da oraindik ere».
Horren harira zer edo zer aldatzen ari dela dio Fernandez Bogak, eta hori baieztatzeko Gisele Pelicoten hitzak jarri ditu lehen lerroan, «berak adierazi du epaitegietan lotsa lekualdatu dela; aurretik beldurra ere aldatu zen lekuz». Gisele Pelicot konortea galdu arte drogatzen zuen senarrak, eta, ondoren, senarrak berak zein Internet bidez harekin harremanetan jarritako gizonek bortxatzen zuten; 2011tik 2020ra bortxatu zuten Pelicot. Hark esan zuen bortxatuak izan diren emakumeek ez dutela lotsarik sentitu behar, bortxatzaileek baizik.
Hilaren 28ko aurkezpena «Errenteria-Oreretako emakumeok sufritu ditugun biolentzia askoren» bilketaren lehen partea izango dela esan dute bi emakumeek. Bide horretan aldarrikatu dute errelatoari aurpegia jartzen hasteko garaia dela: «Zenbakiak ematen ditugu, indarkeria matxistaren kasuan asko erabiltzen dira estatistikak, bihotzik eta bizirik ez duten estatistika hotzak: hainbeste emakume hil ditu, hainbeste bortxatu dituzte… Zenbakietatik harago joan behar dugu, aurpegia jarri, zenbaki horien guztien atzean bizitza proiektuak, ametsak, itxaropenak baitaude. Biolentzia matxistaren estatistiken atzean sufritzen ari diren pertsonak daude, etxetik korrika atera behar dutenak, seme-alabak dituztenak… Eraso sexualaz ari garenean, kalean beldur amaigabea sentitu duten pertsonez ari gara».
Argitalpenaren aurkezpenarekin horixe egingo dute, «arima» jarriko diete gertakari horiek sufritu zituzten emakumeei. «Jendeari azaldu nahi diogu gertatu zena, zenbateko sufrimendua suposatu zuen. Berdintasun Kontseilutik besoak zabaldu nahi ditugu eta hainbeste sufritu zuten emakume gazte haiek besarkatu; besarkatu ere asanblada feministan antolatu ziren emakumeak, urrats txiki bidez gure bizitzak aldatu zituztelako. Eta besarkada hori zabalagoa egin nahi dugu, gure herria barnean hartzeko eta eskertzeko pertsonen eskubideen alde egin duen borroka ibilbide osoa».
Udalerriko indarkeria matxisten memoria historikoa berreskuratzeko ariketa abiatu dute Errenteriako Udalak eta Berdintasun Kontseiluak elkarlanean. Atzo hasi eta hilaren 28ra arte antolatutako jardunaldiak dira bide horretan egingo duten lehen urratsa. Hilaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunarekin bat eginda, herri paisaian eragingo dute, hari erreferentzia esplizitua egingo dion espazio bat propio sortuta. Izan ere, Clara Rangel izena gehituko diote Errenteria-Oreretaren kale izendegiari. Rangel indarkeria matxistak Errenteria-Oreretan erail duen emakume bakarra da estatistika ofizialak egiten hasi zirenetik. 2008an erail zuen Rangel haren bikotekideak. Ez dute edozein kale aukeratu Rangelen izena emateko; erailketa matxistak edota bestelako eraso matxistak gertatzen direnean mugimendu feministaren elkarretaratze-espazio bihurtu den Erbiti kaleko plazatxoari jarriko diote haren izena —Niessen merkatalgunerako sarreran—. Bertara deitu du Oreretako Mugimendu Feministak, astelehenean elkarretaratzea egingo baitute plazaren plaka azaltzearekin batera, 19:00etan.
«Clara Rangel eta indarkeria matxista sufritu duten emakume guztiei aitortza da plaza», azaldu du Cruzek. Ezinbestekoa baita haren usterako indarkeria matxista «ikusgarri jartzea». Bide beretik egin du Berrak: «Plaza horretatik pasatzean jakin dezala jendeak indarkeria matxistak hil zuela gure bizilaguna; gure herrian ere gertatzen dela, bestaldera begiratzen badugu ere». Memoria espazio horrek iragana eta etorkizuna lotuko dituela ziur da Fernandez Boga.