Irungo Mendibil Prestakuntza Zentroa, ekonomia zirkularrean saridun
Irungo zentroak, Gipuzkoako beste zortzik bezala, birziklatutako materialekin eskultura sortzeagatik saria jaso du.
Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen barruan, Gipuzkoako Foru Aldundiak hezkuntzan ekonomia zirkularra txertatzeko jardunak proposatu ditu. Horien arteko bat material birziklatuekin eskulturak sortzea izan da. Bada, egindako lanagatik, Irungo Mendibil Prestakuntza Zentroa saritu dute, Gipuzkoako beste zortzi zentrorekin batera. Eskultura guziekin erakusketa egin dute, Ekonomia zirkularra modelatuz izenburukoa.
Gaur eman dituzte sariak Donostian, hango Okendo plazan ezarrita dagoen GK Recycling izenburuko gunean. Jose Ignacio Asensio Jasangarritasunerako diputatuak eman die saria irundarrei nahiz beste zortzi ikastetxeetako ordezkariei. “Hezkuntzan ekonomia zirkularra txertatzea funtsezkoa da baliabideak modu eraginkor eta arduratsuan kudeatuko dituen etorkizuna eraikitzeko”, adierazi du Asensiok. “Gipuzkoako gazteak, beren sormenaren bidez, erakusten ari dira birziklapena eta berrerabilpena tresna indartsuak direla ingurumen-erronkei aurre egiteko. Ekimen horrek, kontzientzia ekologikoa sustatzeaz gain, ikasleei beren etorkizun profesionalerako funtsezkoak izango diren trebetasunak garatzeko aukera ematen die, jasangarritasunera gero eta bideratuago dauden sektoreetan”.
Aldundiak nabarmendu du ekonomia zirkularra “zutabe estrategikoa” dela herrialdearen jasangarritasun-politikaren barruan, hondakinak baliabide bihurtzeko eta aukera ekonomiko berriak sortzeko. Gipuzkoan, gaur egun, 6.500 enplegu baino gehiago eta 1.425 milioi euroko fakturazioa ditu sektore horrek, “eta horrek indartu egiten du iraunkortasunak tokiko garapen ekonomikoari egiten dion ekarpena”.