Hondarribiko Udala, emakumeen aurkako indarkeriaren aurka
Hilaren 25aren harira emakumeen aurkako indarkeria ezkutatzen duten diskurtsoengatik kezkatua dago Hondarribiko Udala. Udalean ordezkatutako alderdi guztiek, hau da, Abotsanitz, EH Bildu, EAJ eta PSE-EEk, babestu dute adierazpena.
Hilaren 25a iristear den honetan, Hondarribiko Udalak indarkeria matxistaren edonolako adierazpen gaitzesten duela berretsi du, eta beste erakunde, mugimendu feminista eta gizarte osoarekin lanean egiten jarraitzeko konpromisoa hartu du.
Arreta berezia ezarri dute indarkeria matxista ukatzen duten diskurtsoetan, ultraeskuina bultzatzen ari den diskurtsoa elikatzen baitu. Izan ere, emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako kontzientzia esparru guztietan handitu baldin bada ere, emakumeen aurkako indarkeria ezkutatzeko joera zabaltzen ari da, nagusiki mutil eta gizon gazteengan. Emakumeek aurkako indarkeria ukatzeaz haratago, gizonak berdintasunaren aldeko aldaketa eta politiken biktima direla zabaltzen ari da. Mezu misogino hauek indarkeriak ez duela generorik eta asmakizun ideologikoa dela zabaltzen dute.
Hondarribiko Udalak adierazi du datuek erakusten dutela emakumeen aurkako indarkeria matxistarekin egiturazko arazoa duela gizarteak, diskurtso misoginoek ezkutatu nahi duten arren. Indarkeria honen negazionismoa mundu osoan ari da hedatzen, Nazio Batuek ere berdintasunaren aurkako mehatxuengatik alarma piztua dute, nagusiki hedabide digitaletan.
Horren aurrean, Hondarribiko Udalak indarkeria matxista ukatzen duten diskurtsoen aurkako konpromisoa hartu du. Horretarako, euste-horma kolektiboa aktibatzera konprometitzen dira, jarrera misoginoei eragile guztien artean aurre egiteko. Partaidetza-mahaiak, mezu misogino eta ukatzaileei aurre egiteko sareak, komunikazio bateratuak, erantzun publikoak edota kolektiboko protokoloak martxan jarriko dituzte.
Nagusiki mutilei zuzendutako gazteentzako sentsibilizazioa ere baliatuko dituzte, egunerokotasunan batez ere tresna digitalen bidez zabaltzen diren mezu misoginoak desaktibatzeko.
Hezkuntza Sailarekin hitz egiteko bideak indartuko dituzte, eskola-curriculumean ukazio jarrera eta jarrera matxisten normalizazioan eragiteko.
Azkenik, udalerriek indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko apustuan berretsi eta sarean ekiteko aukera bultzatu nahi dute Berdinsarearen bidez.
Udalak Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunerako antolatutako ekitaldietan parte hartzera deitu ditu herritarrak.