Etxean energiarik ez galtzeko kanpaina Hondarribian
Kanpainaren barruan tailerra egingo dute hilaren 27an, 18:30ean hasita, udaletxean. Etxean energia neurtzeko maleta jaso dezakete hala nahi dutenek.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Eraldaketa Energetikorako Bulegoaren, eta Hondarribiko Udalaren ekimenez, etxeetako energia eraginkortasuna hobetzeko eta beraz, argindarraren faktura merkeago izateko kanpaina egingo dute Hondarribian. Energia Argitu izenekoa da kanpaina hori, eta horren barruan, azalpen tailerra egingo dute hilaren 27an, 19:30ean hasita, udaletxeko areto nagusian.
Datorren asteazkeneko tailerraren barruan, etxean autodiagnostiko energetikoa nola egin azalduko dute, eta energia aurrezteko garaian etxeetan sor daitezkeen arazoei buruz ariko dira. Gainera, hala nahi dutenek Energia Argitu Kit maletatxoa maileguan hartzeko aukera izanen dute: bertan etxean energia neurketak egiteko gailuak daude, eta azaldu dutenez, herritarrek erraz erabiltzeko modukoak dira. Ondoren, gailu horien bidez jasotako datuen irakurketa egiteko adituen laguntza izango dute maleta etxera eraman dutenek.
Kanpainan parte hartzeko aurrez eman behar da izena. Hasiera batez, gaurkoa (hilak 22, ostirala) da horrekin bat egiteko azken eguna. Izena emateko Gipuzkoako Eraldaketa Energetikorako Bulegora posta elektroniko mezua bidali behar da, edo 605 75 76 87 telefono zenbakira deituta ere (astelehenetik ostiralera, 09:00-18:00 tartean) apunta daiteke.