Turismoa Kudeatzeko Plana eguneratu du Bidasoa Bizirikek
2024-2030 arteko Turismoa Kudeatzeko Plana eguneratu dute Irun eta Hondarribirako. Turismo jasangarri eta digitalean aurrerapausoak emateko helburua du.
2020-2025 epealdiko Turismoa Dinamizatzeko Planari jarraipena emanez, 2024-2030 aldirako Turismoa Kudeatzeko Plana eguneratu berri du Bidasoa Bizirikek Hondarribia eta Irunerako, Helmuga Turistiko Adimendunaren eredua bultzatuz.
Turismo eredu jasangarri eta digitalean “erreferente” bilakatu nahi ditu plan honek bi hiriak, horretarako “turismo-esperientzia hobetzeko teknologia aurreratuen erabilera” handituz eta “kultura-nortasuna eta tokiko ondarea” indartuz, Nuria Alzaga Bidasoa Bizirikeko lehendakariaren hitzetan. Mugikortasun jasangarri eta irisgarria bultzatzeko asmoa ere badu planak, eta Bidasoa Bizirikeko lehendakariorde den Estitxu Urtizberearen arabera “turismoa urtarokotasunik gabe uztea” indartu nahi dute. Izan ere, hotelen okupazioa eta gastu turistikoak gorakadan daude, eta ekimen berriak garatzeko aukera babeste dute.
Eguneraketa iraunkortasun, berrikuntza eta digitalizazioa sustatuz prestatu dute, Turismoko Estatu Idazkaritza eta SEGITTURek bultzatutako DTI estrategian garrantzitsuak baitira hiru printzipio hauek. Plan honen bidez turismo inklusiboa, arduratsua eta lehiakorra indartu nahi dute, egoiliarren bizi-kalitatea eta bisitarien esperientzia ona bermatuz.
2024tik 2030 arteko planak lau ardatz nagusi ditu. Turismo-gobernantzari dagokionez, eragile publiko eta pribatuen arteko koordinazioa indartuko dute, herritar eta sektore pribatuaren parte-hartzearekin mahai sektorialak sortuz.
Azpiegitura eta mugikortasun irisgarria lehenetsiko da seinaleztapenean. Mugikortasun iraunkor eta irisgarria hobetuko dute, Irun eta Hondarribiaren arteko lotura indartu eta ingurune inklusiboa ziurtatzeko.
Hirugarren ardatza lehiakortasun eta digitalizazioari buruzkoa da. Turismo sektorearen digitalizatu, MICE turismoaren sustatu eta eskualdeko kultura eta natura-ondarea baloratzeko lan egingo dute.
Azkenik, komunikazioa sustatzeko online eta offline presentziari indarra emango diote, bi hiriak helmuga “iraunkor eta erakargarri” bilakatzeko, publiko ugariri zuzendutako kanpaina zehatzak prestatuko dituzte horretarako.
Turismoa Kudeatzeko Plana Garapen Iraunkorreko Helburuekin lerrokatzen da, ingurumen, ekonomia eta gizartearen iraunkortasunari ekarpena egiten baitio. Planari jarraipena emateko, Bidasoa Bizirikek Hondarribia eta Irunekin batera eragileen parte-hartzea lortu beharko duela adierazi dute.