Harrera herria aldarrikatzeko, manifestazioa eta autoinkulpazio kanpaina
Korrikarekin batera 36 migratzaile Hendaiara gurutzatzen laguntzeagatik akusatuta dauden zazpi ekintzaileei babesteko abiatu dute autoinkulpazio kanpaina. Halaber, manifestazio nazionala deitu dute urtarrilaren 26rako, Irundik Hendaiara.
Ipar Euskal Herriko zazpi ekintzaile 23. Korrikarekin batera 36 migratzaile Santiago zubia zeharkatzen laguntzeagatik deklaratzera deitu dituzte Baionako epaitegira, datorren urteko urtarrilaren 28an. Ekintza horren dokumentazioa Ahotsa.info hedabideak jaso zuen eta Korrika bukatu zenean Euskal Herri osoko hogei bat eragilek bere gain hartu zuten desobedientzia zibileko ekintza hori.
Gaur, eragile berdinak berriro batu dira eta agerraldia egin dute Ficoban; eta akusatutako zazpi ekintzaileei elkartasuna adierazteko eta migrazio politikak salatzeko autoinkulpazio kanpaina bat abiatu dute J’acusse aldarripean. Halaber, babesa adierazteko argazkia egiteko gonbidapena luzatu dute. Argazki hauek dinamikari aurpegia jartzeko eta sareetan zein kalean migrazio politikak salatzeko J’acusse kanpainarentzat erabiliko dituzte soilik.
Sinadura bilketa bat da martxan jarri dutena eta norbanakoei nahiz kolektiboei begirakoa da. Berrogei eragileek konpromisoa hartu dute aurrerantzean egiten dituzten ekimenetara autoinkulpazioa modu fisikoan sinatzeko dokumentuak eramatekoa. Ondoren, epaitegiaren ateetara eramango dituzte eta beharrezkoa izatekotan juridikoki erabiltzeko baimena eskatuko dute.
Berrogei eragileek ez dutela epaiketa onartzen adierazi dute eta epaitu beharrekoa ez dela elkartasuna, ezta pertsona guztien eskubideen alde egiten ari direnak. Aitzitik, immigrazio politika ankerrak eta hiltzaileak, muga arrazista eta bidegabeen errudun diren agintari eta legeak zigortu behar direnak zehaztu dute. Bidasoa ibaian eta trenbideetan ito diren bederatzi migratzaileen heriotzen arduraduntzat jo dituzte migrazio politika arrazistak defendatzen dituztenak. “Eragile sare honetatik, zazpi ekintzaileen berehalako kargu gabetasuna aldarrikatzen dugu”.
Horrez gain, nazio manifestaziora deitu dute 2025eko urtarrilaren 28an. Deialdi honetan zazpi ekintzaileei atxikimendua adierazteaz gain, Europako immigrazio politika errepresiboak; eta Frantziako gobernuak eskuin muturraren laguntzarekin ezarri duen azken immigrazio legea salatuko dituzte. Halaber, mugak “behin betiko” irekitzea, eta bereziki Irun eta Hendaia arteko zubi guztiak irekitzea aldarrikatuko dute; “guztion zirkulazio askea eta bertan gelditzeko eskubideak bermatzeko”.
Izan ere, Frantziako gobernuak poliziaren kontrol arrazistak ezarri zituenetik hainbat mobilizazio egin dira Bidasoan, baina egoera ez da aldatu eta aldatu bada okerrera izan dela deitoratu dute: “Frantziak berriki muga ixteko erabakia beste sei hilabetez luzatu du eta gutako zazpi ekintzaile deklaratzera deitu” gogoratu dute. Edizio honetako Korrikaren leloan oinarritutako aldarrikapenarekin bukatu dute: harrera herri harroa gara.