Bihar hasiko da Emakumezkoen Futbolaren I. Nazioarteko Kongresua
Estatu mailako ekitaldi aitzindari bat da, eta Ficoban egingo da, hilaren 21ean eta 22an. Kiroleko, medikuntzako eta beste diziplina batzuetako profesionalak bilduko dira Irunen.
Bihar Emakumeen Futbolaren I. Nazioarteko Kongresua hasiko da Ficoban. Antolatzaileek adierazi dute estatu mailako ekitaldi aitzindaria dela Irunen egingo dena, eta kiroleko, medikuntzako eta beste diziplina batzuetako profesionalak bilduko dira. Horrez gain, emakumezkoen futbolaren erronkei, aukerei eta gero eta profesionalizazio handiagoari buruz hausnartzeko aukera izango dute Ficobara gerturatzen direnek.
Inaugurazio ofiziala bihar (hilak 21) izango da, 16:00etan, eta erakundeetako eta kiroletako ordezkariak bilduko dira Ficobako Auditorioan. Emakumeen futbola ardatz duen kongresua ostiralean bukatuko da (hilak 22).
Hizlariak “ospe handiko” figurak dira, eta profesionalizazioaren eta emakumeen kirolaren erronken inguruko esperientziak eta ikuspuntuak partekatuko dituzte. Medikuntzako eta osasun mentaleko adituak ere izango dira Irungo erakustazokan. Kirolarien karrerarako oreka fisiko eta emozionalak duen garrantzia aztertuko dute, FUTPROren II. Azterlanaren “datu kezkagarrienekin bat eginez”. Azterlan horren arabera, eliteko emakume kirolarien %80ak antsietate edo depresio sintomak izan dituela jakinarazi dute, “lehiaketaren eskakizun mailak” sortuak.
Kongresuan, besteak beste, honako gaiak landuko dituzte: lesioen arrisku faktoreak; eliteko futboleko entrenamendua; emozioek errendimenduan duten garrantzia; eta erakundeek emakumeak kirolean babesteko eta laguntzeko duten zeregina.
Bi egunetako programazio oso-osoa esteka honetan ikus daiteke.