Indarkeria matxistarik gabeko jendartea irudikatzeko ipuinak, hamargarrenez
Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren hamargarren ekitaldia aurkeztu dute. Gazteen parte hartzean jarri dute arreta.
Hamargarren Asun Casasola Ipuin Lehiaketa abian da. Indarkeria matxistarik gabeko jendartea irudikatzeko bokazioa duen sariketa berezitasunekin datorrela aurreratu zuten atzoko agerraldian sariketaren arduradunek. Izan ere, gazteen parte hartzean jarri dute arreta. “Badakigu adin zailak direla eta eskolak lanez lepo daudela, baina indarkeria matxistaren gaia ikasgeletan lantzeko aukera eskaini nahi du lehiaketak. Hausnartzeko eta nerabeek eurek euren jarrerak birpentsatzeko aukera ematen du lehiaketa honek. Beraz, hemendik gonbita egin nahi diegu eskola guztiei, baina bereziki Irun eta Hondarribikoei, euren curriculumean leku bat egin eta indarkeria eta literatura landu dezaten. Euskaraz edo gazteleraz, taldean edo banaka, etxeko lan gisa do talde lanean. Nahi bezala, hausnarketa guztiak dira ongi etorriak”, esan zuten agerraldian.
Gazteen atxikimenduarekin jarraituz, larunbatean Beldur Barik egitasmoaren barruko bideoak azaltzeko eta sariak emateko ekitaldia egingo dute Ficoban 18:00etan. Han lehiaketaren berri emango dute, eta aldi berean Asun Casasolari omenaldia egingo diote, tartean haren omenezko dokumentala proiektatuko dute.
Gainera, gazteen parte hartzea sustatzeko helburuari eusteko, Go!azen telesaileko lagunek bideo bat egin dute lehiaketa aintzat hartuz. “Goazeneko zuzendari den Itziar Gomez beti izan da gure bidelaguna. Antolakuntzan aritu izan da eta baita epaile lanetan ere. Berak lortu du Go!azen-eko aktoreen ekarpen hau. Laster sareetan zabalduko dugu”.
Lehiaketa
Urtero gai zehatza izaten du lehiaketak. Aurtengoa, zabala da, ipuinen izaera erraztu eta parte hartzea handitu aldera: indarkeria matxista. “Gai zabala eta konplexua dela badakigu, baina aldi berean gaiak izan ditzakeen adiera guztiak ongi etorriak izango dira. Gai irekia da aurtengoa, beraz”. Sariketaren helburuak berdintasunaren aldeko jendartea bultzatzea eta indarkeria matxista baztertzea izanik, aurten ere gaiari ikuspuntu baikorretik eusteko eskatu dute, “betiere indarkeria matxistaren aurkako borroka islatuz”.
Lau kategoriatan emango dituzte sariak. Bi euskarazko lanenak izango dira (12-16 urte artekoen lanenak, eta 16 urtetik gorakoenak), eta beste biak gaztelaniazko testuenak (euskarazkoen adin tarte banaketa berberarekin). Helduenen kategoriako irabazleek 300na euroko saioa jasoko dute, eta 12-16 adin tartekoen arteko beste biek 100ekoak nahiz 50 eurok balioa duen liburu sorta, Katakrak liburutegiak emana.
Hilaren 25ean zabalduko dute ipuinak bidaltzeko epea, 2025eko otsailaren 8ra arte luzatuko dena. Martxoaren 13an egingo dute sarien banaketa ekitaldia Irunen, epaileek izendatutako irabazleen presentziarekin. Honakoek osatu dute hamargarren Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren epaimahaikideen zerrenda: helduen kategorian, euskaraz, Yurre Ugarte, Ainhara Zuazabeitia eta Aitziber Zapirain izango dira. Kategoria berdinean, gaztelaniazko testuak aztertzen Mertxe Tranche, Maria Jose Noain eta Marian Benitez izango dira. Gazteen kategorian, euskarazko lanen atalaren epaile Itziar Gomez, Ainara Maia eta Esther Lopez izango dira, eta gaztelaniazkoak Noelia Lorenzok, Maite Vergarak eta Naroa Gonzalezek gainbegiratuko dituzte.
Lanen entrega posta elektronikoz edo aurrez aurre nahiz ohiko postaz (BDS Koop, Aixin Zolua 5, 20304 Irun) egin daiteke. Lehiaketaren gaineko informazio osoagoa nahi duena joan dadila horren webgunera.