Zortzi dantzari Euskal Herriko VI. Aurresku Txapelketa Nagusian
Larunbatean jasoko du Hondarribiko Itsas Etxeak txapelketa, goizez. Partaideen artetik erdia dira Oarsoaldeko dantzariak.
Seigarrenez jasoko du Hondarribiko Itsas Etxeak gipuzkoar erako Euskal Herriko Aurresku Txapelketa. Larunbatean izango da lehia, eta osotara zortzi dantzarik parte hartuko dute, horietatik lau Oarsoaldekoak: Mikel Esnaola (Lezo), Mattin Etxebeste (Oiartzun), Ihintza Erauskin (Lezo) eta Manex Elgeta (Oiartzun) dira. Gainerako lauak, honakoak: Izadi Urbano (Villabona), Amaia Azpeitia (Legazpi), Irati Olaizola (Legazpi) eta Naroa Sanchez (Legazpi). 11:30ean hasiko dira dantzaldiekin zortzi hautagaiak. Hondarribiko Udalak eta Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatu dute txapelketa.
Partaide bakoitzak hiru dantzaldi egin beharko ditu. Lehenik, soinu zaharreko bat (Betonio handia, Ehun dukat eta Graziana aukeran); ondoren, aurkez aurke edo desafioaren txanda iritsiko da, eta azkenik, zortzikoari ekingo diote. Oholtza gainean dantzariek egindakoak Jose Luis Vallejo, Maria Ferreiro eta Xabier Mendizabal epaileek neurtuko dituzte.
Itsas Etxean lehiaz gozatu nahi dutenek tokiaren erreserba egin behar dute. Doan da sarrera, baina aforoa neurtze aldera komeni da aurrez gordetzea besaulkia. Hori egiteko baliatu honako esteka.
Iazko ekitaldian Mikel Esnaola izan zen irabazlea. Esteka hau baliatuta, 2023ko azaroaren 5ean egin zen lehiaren kronika, sailkapena eta argazkiak.