Emakumezkoen Xake Ttopara, gaur arratsaldean
Xake talde ezberdinetako neskak elkartzeko topaketa antolatu dute gaur arratsaldean. Hondarribiko Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunagatik antolatutako egitarauaren parte da.
Gaur arratsaldean, hilaren 18an, VI.Emakumezkoen Xake Ttopara antolatu du Hondarribia Marlaxka xake klubak Emeki eta Udalarekin batera. Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren baitan antolatu dute ekimena, helburua adin eta maila guztietako emakumeen talentua bultzatzea izanik.
Astean zehar xake talde ezberdinetan parte hartzen duten neskak elkartu eta elkarrekin gozatzeko antolatutako saioa da, eta hilaren 25eko aldarriak egiteko eta egun hori ospatzeko baliatuko dute.
Gaur arratsaldean Hondarribiko Kasino Zaharrean hasiko da 18:00etatik aurrera, baina 17:45etarako gerturatzeko eskatu dute antolatzaileek.
Hilabete hasieratik hainbat film proiekzio eta hitzaldi egin dituzte dagoeneko, eta hurrengo egunetarako ere beste hainbat ekimen egongo dira. Hilaren 25ean M8 asanbladak deitutako elkarretaratzearekin itxiko dute egitaraua.