Buru osasuneko arazoak saihesteko hitzaldia, hilaren 25ean
Nekane Azuabarrena psikologoak emango du Agifesek antolatutako hitzaldia. Nerabe eta gazteen buru osasuneko arazoak saihesteko familia komunikazioa hobetzeko aholkuak proposatuko dizkie entzuleei
Buru osasuneko arazoak dituztenei eta haien senideei laguntza eskaintzen dien Agifes elkarteak Gazteak eta buru osasuna : arazoak nola prebenitu hitzaldia antolatu hilaren 25ean. Nekane Azuabarrena psikologoak gurasoei familia-komunikazioa hobetzeko eta seme-alabei sufrimendu psikikoa azaleratzeko eta buru osasuneko arazoak bideratzeko jarraibideak emango dizkie.
Azuabarrena Agifesek duela hiru urte hasi zuen Zeuk Aukeratu programaren arduraduna da. Programaren helburua hezkuntza-komunitate osoa, hau da, ikastetxeetako langile, guraso eta ikasleak, buru osasunari buruz sentsibilizatu eta informatzea da, adingabe eta gazteek izan ditzaketen buru osasuneko arazoak saihestu eta bideratzeko.
Sentsibilizazio eta prebentzioaz gain, buru osasun arazoak dituzten adingabe eta gazteei “bizi-proiektu itxaropentsu” bat eraikitzeko laguntza eskaintzen die Zeuk Aukeratu programak. Gazte eta senideek astero edo hamabostero banakako edo taldekako laguntza saioak jasotzen dituzte. Gainera, gazte eta familiarentzako gai zehatzei buruzko tailerrak antolatzen ditu elkarteak, eta gazteak aisialdi, kirol, prestakuntza edota lan jardueretan parte hartzeko laguntzen dituzte.
Buru osasuneko arazoak batez ere nerabezaroan agertzen direla azaldu du Agifes elkarteak, eta geroz eta adin txikiagoko haurren artean agertzen hasi dira. Horregatik, gazteek arreta handiagoa jaso behar luketela uste dute. Izan ere, buru osasuneko arazoen %50a 15 urte bete baino lehen agertzen da, eta %75a 18 urteak bete aurretik. Gazte kopuru handi batek pairatzen ditu buru osasuneko arazoak munduan, zazpi adingabetik batek arazoren bat baitu, eta Espainiar Estatuan 10 eta 7 urte arteko gazteen suizidiorako bigarren arrazoi nagusia da.
Hilaren 25ean Hondarribiko Kultur Etxean izango da hitzaldia 18:00etan Nekane Azuabarrenaren eskutik.