Jokoa obsesio bilakatzen denean
Ekintza Bibe Gipuzkoako mendekotasun psikologikoen errehabilitazio elkarteak 80 lagun berri artatu ditu 2023an. Horietatik %91 gizonak dira, eta ia erdia, 35 urtetik beherakoak. Joko makinekin dute gehienek arazoa.
Hankaz gora jartzen dute euren eta asko-askotan ingurukoen bizitza. Oharkabean, kontrolpean dutela sinistuta gero eta aterabide konplexuagoa duen gurpil zoroan sartzen dira. Mendekotasun psikologikoak dituztenek ez dituzte lehen begi-kolpean zantzu nabarmenak, beste menpekotasunekin gertatzen denaren kontrara, baina gaixoak dira, eta duten gaixotasun hori gainditzeko ezinbestekoa dute laguntza profesionala. Horretan ari da azken 30 urteetan Ekintza Bibe Gipuzkoako ludopatia eta mendekotasun psikologikoen errehabilitazio elkartea. Errenteriako Alaberga auzoko 59. zenbakian du egoitza, eta Bea Alonso eta Ana Retegi elkarteko osasun psikologoek artatzen dituzte elkartera jotzen duten gaixoak eta familiak.
Denera 80 pertsona berrik jo zuten Ekintza Bibe elkartera iaz laguntza eskatzera, erdia baino gehiago —%59— lagunduta. Askotariko egoeratan heldu ziren ludopatia eta mendekotasun psikologikoetan laguntzen duen elkartera: %34 aurretik saiatu zen profesionalen laguntzarekin mendekotasuna uzten; %46 bere kabuz saiatu zen, laguntza terapeutikorik gabe; eta %20 ez zen saiatu inoiz arazo zuten jokabidea uzten.
Ekintza Bibek azaldu du azken urteetako joerari eutsi diola menpekotasun mota horren profilak, elkartera gerturatutako pertsonei erreparatuta. Mendekotasun psikologikoa duten pertsona gehienak gizonak dira (%91), 35 urtetik beherakoak (%44), eta adikzio motari begiratuta, berriz, makina jokoak dira laguntza eskatzeko arrazoi nagusia. Elkartera iaz jo zuten emakume berriak bederatzi izan ziren, eta gizonen kasuan bezalaxe makina jokoak dira menpekotasun nagusia haien kasuan ere (%43). Laguntza eske jo zuten gizonen artean kirol apustuak izan dira bigarren mendekotasun arrazoia (%32), baina emakumeen kasuan, erosketa konpultsiboak daudela bigarren postuan azaldu dute Alonsok eta Retegik, «emakumeen %29ak du mendekotasun mota hori».
Beste datu bat eman dute. Espainiako Estatuko Loteria eta Apustuen inguruko arazoengatik gizonik ez zitzaien joan iaz laguntza eskatzera, baina emakumeen kasuan, %14an egin du gora arazo horrek. «Kezkagarria» iruditzen zaien beste datu bat ere eman dute Ekintza Bibeko bi profesionalek: «Gizonen artean gero eta gehiago dira gehiegizko pornografia kontsumoagatik datozenak laguntza eske, %3 zehazki». 2022ko datuekin alderatuta puntu batean egin du gora gehiegizko pornografiaren kontsumoagatik laguntza eskatu dutenen kopuruak.
Emakumeek estigma bikoitza
Jokatzeko moduak ere izan dituzte aztergai bi adituek. «Laguntza eskatzera iaz etorri zirenen artetik %63k nahiago zuten joko aretoetan aurrez aurre jokatu; urtero igotzen ari da joera hori. Aldiz, online jokoak jaitsiera izan du 2022arekin alderatuta, ez nolanahikoa gainera, %33tik %19ra pasa da». Mendekotasunaren iraupena ere aldagai garrantzitsua dela nabarmen jarri dute bi adituek; izan ere, horrek erakutsi omen du jendeak lehenago jotzen duela laguntza eskatzera duen arazoarekin jabetuta. Aldagai horri begira, iaz elkartera gerturatutako pertsonen artean %5ak urtebete baino gutxiago zeraman mendekotasun psikologikoarekin; %10ak, urtebete eta bi urteren artean; %20ak, bi eta bost urteren artean; %14ak, 11 eta 19 urte artean; eta %24ak, 20 urtetik gora.
Emakumeengan jarri dute fokua Alonsok eta Retegik, asko-askotan nabarmen jarri duten ideia bati erreparatzeko, berriro: «Estigma sozial bikoitza dute, emakumea izatea eta mendekotasuna izatea». Hori horrela, gogorarazi dute emakumeei begirako talde espezifikoa dutela elkartean, «errehabilitazioa eragozten edo zailtzen duten oztopoak ezabatzeko —sexualitatea, zaintza, familia, ahalduntzea, erasoak, rolak…— baita talde barruan konplizitate handiagoa sortzeko ere».
2022ko otsailean sartu zen indarrean Euskadiko Jokoaren araudi berria. Araudiaren aldaketa horrek, besteak beste, joko-aretoen eta ikastetxeen arteko distantziak ezarri zituen, establezimenduen kopurua eta batetik bestera gutxienez izan behar diren metroak areagotu zituen, eta sarbideen eta publizitatearen kontrola areagotu zuen. Jendartean izan duen eragina ere behatu du Ekintza Bibe elkarteak. Haien esanetan, joko aretoetan eta apustu etxeetan sartzeko kontrolak ezartzea zen ikusmin gehien sortu zuen neurria: «Helburuetako bat pertsona zaurgarrienak babestea zen: adingabeak, errehabilitazioan dauden pertsonak, patologia bikoitza dutenak eta abar. Iaz jasotako dei asko autodebekua egiteko prozeduraren gainean galdetzeko izan ziren, eta uste dugu gehiengoak besterik gabe jokorako sarbiderako autodebekua egiten duela». Horren aurrean kezka azaldu dute bi psikologoek, diotenez «arazoaren muina» ez delako lantzen: «Arazo horretara eraman dituen arrazoia terapeutikoki landu gabe uzten dute, baita nahasmenduak eragindako ondorioak ere».
Iaz jada, pandemia aurreko datuetara gerturatu zirela ere esan dute Alonsok eta Retegik. «Elkartera bertaratu direnen eta gure zerbitzuen eskaeren kopurua pandemia aurreko zifretara hurbildu da berriro».
Hainbat zerbitzu eskaintzen ditu Ekintza Bibek. Banakako arreta psikologikoa, autolaguntza taldeak, emakumeen talde espezifikoa, berrerortze taldea, eta prebentzio programa. Azken hori jarduketa ildo garrantzitsua dela diote, «talde tekniko hezitzailea arduratzen da, eta prebentzioari begira hitzaldiak ematen ditu ikastetxeetan». Denera, 2023an 1.358 ikasleri eta 81 irakasleri eman dizkiete hitzaldiak, tartean, Lezo Institutuko eta Irungo Elkarbanatuzeko ikasleei.
Menpekotasuna amesgaizto
Gertu-gertutik ezagutu du mendekotasun psikologikoa Alexi Zujar Curel hondarribiarrak. Osatze prozesuan da orain, eta sinistuta dago lortuko duela baztertzea hamar urtez amesgaizto izan duen makina txanponjaleekiko menpekotasuna. 22 urterekin hasi zen, «ezustean» makinetan dirua sartzen, eta duela ia urtebetera arte ia soldata osoa uzteko gai zen, hilero. Bitan saiatu da menpekotasunari iskin egiten, «lehenengoan kale egin nuen». Bigarrenez ari da orain bete-betean, urtebete darama Ekintza Bibe elkartearen eskutik bidea egiten, «honakoa behin-betikoa izango da».
Oso gogoan du hasiera: «Oporretan nintzen gurasoekin lagun batzuen etxean, etxeko zerbaitetan lagundu eta propina eman zidaten. Buelta bat ematera atera nintzen bakarrik, taberna batean sartu, makina ikusi eta txanpona sartu nuen lehen aldiz; bertan gastatu nuen guztia». Bakarrik sentitzen zenean edo denbora libre asko zuenean jo izan zuela jokora aitortu du, «bakardadeak ez du laguntzen, ez duzu deprimitua egon beharrik erortzeko». Arazo bilakatu zela konturatu zen hilabeteko soldata makina jokoan gastatzen zuela ohartu zenean: «Ez dut dirua ezertan gastatzen, aurreztea gustatu izan zait beti, eta konturatu nintzen kasinora sartu bakoitzean soldata uzten nuela bertan. Zati bat gordetzen nuen, 200-300 euro artean, eta gainontzekoa xahutu». Joko makinak izan dira bere galbidea, eta beti kasinoetan jokatu izan du: «Bertan lasaitasun handia dago, inork ez du ezer galdetzen, eta ez zait ezagunik tokatu parean inoiz. Taberna bateko makinak ez dit inoiz arretarik eman, kasinoak izan dira nire arazoa».
Ez zuen berak laguntza eskatu, gurasoak konturatu ziren zer edo zer ez zihoala egoki. «Hilero dirurik gabe gelditzen nintzela ikusten zuten, eta ez dut edaten, ez dut erretzen, ez dut drogarik hartzen… Ez zuten ulertzen. Azkenean aitortu nien arazoa nuela, kasinoan gastatzen nuela dirua. Irtenbide bila hasi ziren gurasoak, baita ni ere, arazotik atera nahi nuelako».
Autodebekua, tresna bat
Ekintza Bibera jo zuen laguntza eske hondarribiarrak. «Baino berriro erori nintzen jokoan, urtebete ere ez nuen egin jokatu gabe». Aurtengo urtarrilean joan da bigarrenez laguntza eske, eta ongi daramala azaldu du: «Erabateko arbuioa diet makina jokoei une honetan, eta ez dut kasino bat zapaldu. Beti arratsaldez joaten nintzen, eta ilunduta atera; orduak ematen nituen makinan txanponak sartu eta sartu».
Gezurra. Hori dela gogorrena dio: «Gurasoei esan diet gezurra». Orain autodebekua du ezarria, «baina egunero-egunero kontrolatu behar dut nire burua; mono apur bat sentitu izan dut inoiz, eta horrelakoetan adi egon behar duzu». Autodebekuarekin ezin du kasinora sartu, online apusturik egin, edota loteria erosi.
Ez ditu inoiz apustu handiak egin, kontrara, txikitik jokatu du beti. «Baina txiki hori handi bihurtu izan zait azkenerako soldata osoa gastatu arte. Ez dut inoiz lapurtu jokatzeko, ezta mailegurik eskatu ere, beti nuen diruarekin jokatu izan dut». Garai batean errazagoa zela jokoan aritzea esan du Zujarrek, hala ere, gaur-gaurkoz apustu makinak edozein lekutan daudela eta gazte asko-askok futbol apustuak egiten dituela ohartarazi du, «apustu makinetarako sarbidea oso eskura dagoela uste dut, edonor pasa daiteke ondotik eta egin».
Bere bizipenetan oinarrituta aholku bat, bederen, eman du ludopatiaren atzaparretan ez erortzeko: «Bakarrik ez egotea oso garrantzitsua da. Nire kasuan bakardadea sentitzen nuenean jotzen nuen kasinora, bakardadea eta denbora libre asko izatea galbidea izan ziren niretzako mendekotasuna garatzeko». Senideak izan ditu hizpide Zujarrek. «Haientzat oso gogorra da halako egoera bizi duen senidea izatea; nire kasuan hor izan dira, laguntzen, eta hori ere ezinbesteko gakoa da, beti eror zaitezkeelako berriro». Argi dio: «Hamar zentimo nahikoak dira, makinara hurbiltzea nahikoa da berriz ere erortzeko». Aurrera egiteko erabateko konpromisoa izan behar dela azaldu du: «Argi izan behar duzu ez duzula gehiago jokatuko, indar handia behar da, zure buruaren aliatu handiena zu zeu zarelako».
Prebentzioan indarra jarri
Prebentzioan jarri du fokua hamar urtez jokoaren menpe bizitzeak eman dion esperientziatik. «Hitzaldiak antolatzea, eta honetatik pasa garenon testigantzak zabaltzea ezinbestekoa dela iruditzen zait. Ludopatia izan da nire kasuan, baina menpekotasun psikologiko guztiak, oro har, gaixotasuna dira, arazoa, alkoholismoa, eta droga-menpekotasuna diren bezalaxe, eta ez dira ezkutatu behar, landu baizik, aurrea hartu arazo bihurtu aurretik, informatu ahal den guztia. Gaur egun larria da arazoa, hala zen aspaldian, eta horrela izaten jarraituko du; eman diezaiogun, beraz, eskatzen duen trataera».
Urtero-urtero dozenaka pertsonen bizitza baldintzatzen dituen gaitzari aurre egiteko neurri gehiago ere eskatu ditu, «prebentzioarekin batera, kontrol neurri gehiago ezarri behar dituzte. Lotsagarria da zorizko jokoen gaineko publizitatea; murriztu egin beharko litzateke hori ere, atzean arazo oso-oso larria dagoelako».
Jokoan ez hastea, hori gomendioa inoiz tentatuta sentitu direnei. «Eta arazorik sortuz gero, laguntza eskatu ahalik eta azkarren, oso garrantzitsua baita lehenbailehen esku hartzea. Nik ez dut lapurretarik egin jokorako dirua lortzeko, ez dut mailegurik eskatu, nire soldatarekin jokatu dut, eta hori jada larria da; pentsa zuloak sortzen hasten bazara noraino hel daitekeen. Asko-askoren egoera da hori».
Urtarrilean hasi zuen bigarrenez mendekotasuna gainditzeko prozesua, eta horretan ari da buru-belarri Ekintza Bibe elkarteko psikologoekin eta autolaguntza taldearekin. «Denetariko menpekotasun psikologikoak ditugun kideek osatzen dugu talde hori, eta adin ezberdinetakoak gara. Asteartero biltzen gara elkartearen egoitzan, hitz egiteko, prozesua nola doan kontatzeko. Oso lagungarria da». Hilean behin, berriz, psikologoarekin du hitzordua jarraipena egiteko.
Alta ematen diotenean ere —ez daki noiz izango den hori— alerta argia piztuta izan beharko duela badaki, «erortzeko arriskua hor dagoelako, eta hortaz, erne ibili behar duzu». Gazteei begira jarri da Zujar, sinistuta dago horiek direla zaurgarrienak: «Garrantzitsua da informazioa ematea menpekotasun psikologikoaren gainean. Horrekin ez dugu lortuko arazoa ezabatzea, baina hainbeste jende erortzea saihestuko dugu. Oso gaitz larria da; hankaz gora jartzen dizu bizitza istant batean».