Elikagai gutxiago xahutzeko astea, hilaren 16tik 24ra
Hondakinen Prebentziorako Europako Astea izango da hilaren 16tik 24ra. Hondakin bilketa eta txoko interaktiboen zirkuitua antolatu dituzte egitarauaren baitan.
Hilaren 16tik 24ra antolatu dute tokiko eta eskualdeko agintariek Hondakinen Prebentziorako Europako Astea. Kanpaina honek herritarrak hondakinak murriztearen garrantziaz sentsibilizatu eta hondakin jasangarriagoak kudeatzera bultzatu nahi du. Bereziki, elikagaien xahutzea murriztea du helburu aurtengo kanpainak. Bide horretan, Ihobek kudeatutako Ekoetxea Saretik kontzientzia hartzeko eta xahutzea murrizteko esperientziak sustatuko dituzte.
Hazi eta Elika Fundazioak egindako ikerketaren emaitzen arabera Euskal Autonomia Erkidegoan pertsona bakoitzak 111 kilo elikagai xahutzen ditu batez bestean.
Ekoetxea Txingudik hilaren 16rako prestatu du lehen ekimena. Ekopatruilak Irun eta Recicla-Birziklatuk elkarlanean hondakinen bilketa antolatu dute larunbatean 10:00etatik 13:00etara Plaiaundiko Parke Ekologikoan. Bilketaren bidez dibertsitate biologikoa lagundu, klima-aldaketa moteldu eta naturaz gozatzen ahalko dela adierazi dute antolatzaileek. Ekoetxearen webgunean eman daiteke izena.
Gainera, Elikagaiak xahutzea gustu txarrekoa da izenpean zirkitua antolatu du Ekoetxeak hilaren 17rako. Elikagaien xahutzeak ingurumenean daukan eraginari buruz hausnartzera bultzatzeko balio du txoko interaktiboen zirkituak. Familian egiteko jarduera aproposa da eta sentsibilizatzeko diseinatua dago. Ekimen honetarako ere Ekoetxearen webgunean eman daiteke izena.