Astebetez luzatu dute Kasino Zaharreko tabernaren ustiaketa esleitzeko deialdi publikoa
Udaleko Kontratazio sailean gaiari buruzko aholkularitza eskainiko dute. Aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da.
Kasino Zaharreko tabernaren ustiaketa esleitzeko deialdi publikoa beste astebetez luzatzea erabaki du Hondarribiko Udalak. Hilaren 1ean zabaldu zuten proiektuak jasotzeko epea eta Josu Peña zinegotziak azaldu duenez interes handia izan da eta eskaera kopurua ikusita epea astebetez luzatzea erabaki dute, “interesdunek denbora izan dezaten proposamen teknikoak ondo igotzeko”. Baldintza eta betebehar guztiak udal webgunean daude zehaztuta.
Epea luzatzeaz gain, gaiari buruzko aholkularitza eskaintzea “beharrezkoa” ikusi dute. Beraz, interesdun guztiei zabaldutako zerbitzua eskainiko du udal kontratazio sailak. “Prozesu administratiboak ez dira errezak izaten eta horregatik lehiaketara aurkeztu nahi dutenek, zein dokumentu eta nola igo behar den jakiteko, eskura izango dute informazio gehigarria edo aholkularitza zerbitzua” azaldu du Peñak. Horretarako aldez aurretik hitzordua eskatu beharko dute Kontratazio departamentuan (Panpinot kaleko 14an), 943111234 zenbakira deituta, edo posta elektroniko honetara idatzita.