Hilaren 25ari begirako egitarauak aurkeztu dituzte
Hogei jarduera antolatu dituzte Irungo sei talde feministek eta aste honetan hasiko dira jarduerak. Hilaren 25erako elkarretaratzera deitu du udalak San Juan plazan, 12:00etan.
Feminismoa aldarri, indarkeria matxistari aurre egiten lan eta lan aritzen da Irungo talde eta elkarte andana urte osoan zehar, eta hilaren 25ari begira ere programazio berezia prestatu ohi dute. Aurten ere ez dute hutsik egin, eta udaletxeko aretoan elkartu dira antolatutakoa aurkezteko Cristina Laborda alkatearekin eta Nuria Alzaga Berdintasun ordezkariarekin batera Argoiak, Bidasoaldeko Elkarte Feminista, Gaurko Andreak, Irungo Emakumeen Etxea elkartea, Txingudiko Elkarte Feminista eta Uxoako kideak.
M8 Asanblada Feministak aurrerago agerraldia egingo duela jakinarazi du, hilaren 25erako antolatzen ari diren performancea-ren xehetasunak emateko. Aldiz, Bidasoko Itaiak dagoeneko deialdia egin du hilaren 25erako Irungo epaitegien aurrean, 19:00etan. Horrez gainera, hirian zehar QR baten bidez zirikatze kanpaina abiatu dute, Bidasoako kaleak hartu izenburupean. Instagramen topa daiteke informazioa, @bidasoako.kaleakhartu izenpean.
Udalak ere elkarretaratzera deitu du hilaren 25erako San Juan plazan, 12:00etan. Labordak nabarmendu du datorren asteetan egingo diren jarduerez gain, “egun guztietan” ari dela lanean udala hiriko eragileekin batera “giza eskubideen urraketa handienaren kontra”. Halaber, indarkeria matxistaren kontra “konpromisoa eta kontzientziazioa” galdegin ditu alkateak, “indibiduala eta kolektiboa”.
Eskola publikoetako eta El Pilar ikastetxeko ikasleak eta irakasleak ere indarkeria matxistaren aurka gogor dabiltza lanean, eta Zabaltza plazan bilduko dira beste urte batez hilaren 25ean. Ikasgela barruan berdintasuna sustatzeko egiten duten lana erakutsiko dute han, 12:30ean. Bi egun lehenago, hilaren 23an, Beldur Barik lehiaketaren sari banaketara joango dira ikasleak Ficobara, 18:00etan.
Programazio zabala
Hogei ekitaldi inguru antolatu dituzte udalarekin batera euren jarduerak aurkeztu dituzten Irungo sei eragileek. Plazak sortuko dituzte indarkeria matxistaren forma ezberdinez hitz egiteko.
Hitzaldiei begira jarrita, Nork hezten du gazte jendea? Tiktokeko kulturaren aurkako erronkak solasaldia antolatu du Gaurko Andreak taldeak Palmera Monteron hilaren 15erako 19:30erako; berdintasunari eta sexualitateari buruzko ideia distortsionatuez arituko dira. Gaia lantzeko asmoa indarkeria matxista ukatzeko gazteen joeratik datorrela zehaztu du Irene Kastezubi kideak. Gazteak nork hezten dituen eta horretan sareak duen pisua izango du hizketagai Oiane Menika gizarte hezitzaileak.
Bigarren hitzaldia, Uxoa elkarteak antolatu du, eta Neska eta emakumeentzako ingurune seguruak sortzea kirolean izango dute hizpide Cristina Ubanirekin; hilaren 18an izango da PSE-EEren Herriko Etxean, 17:00etan. Kirol esparruan gertatzen diren indarkeria matxista kasuak nola prebenitu eta haiei nola aurre egin izango da hitzaldiaren ildoa.
Indarkeria matxistak desgaitasuna duten emakumeengan duen eragina izango dute hizketagai Emakumeen Etxean hilaren 26an, 16:00etan. Silvia Mendez berdintasun teknikariaren arabera, pertsona hauen baldintzak zein diren ahaztu ohi da eta hitzaldi honekin hori landu nahi dute. Elkartuz elkarteak emango du hitzaldia.
Bestalde, oinarrizko ikasketak dituzten emakumeei begirako irakurketa klubak hamar urte bete ditu, eta Arantxa Urretabizkaiarekin ospatuko dute urteurrena hilaren 19an, 16:00etan: Azken etxea liburuaz arituko dira San Migelgo adinekoen zentroan, eta Bidasoaldeko elkarte feministako Maritxu San Pedrok gidatuko du saioa.
Saio hauek Behobiako, Belaskoeneko eta San Migelgo auzo elkarteekin elkarlanean egiten dituzte. Talde honetako partaideak “analisiak, eztabaidak eta elkarrizketa feministak edukitzera” bultzatzea da asmoa ikuspegi feminista transbertsaletik. Irakurketa ahalduntzeko eta hausnartzeko erreminta garrantzitsua den emakumeei begirako taldea da.
Bidasoaldeko elkarte feministak urteroko Berdintasunaren VII. saria banatuko du; hilaren 30ean egingo da 11:30ean Palmera Monteron. Aurtengo sariduna Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gunea espazioari emango diote “aitortu ezin den lanagatik”.
Antzerkiari dagokionez, Candela mikro antzerkia Argoiak elkartean eskainiko dute, hilaren 20an, 17:00etan; jarraian Parean elkartearekin landutako Aldatu ipuina proiektatuko dute. Juana antzerkia, berriz, Kabigorrin eskainiko dute hilaren 23an, 19:30ean, Bidasoaldeko elkarte feministak deituta.
Pelikulen zaleek, hilaren 25ean Herriko Etxean Volver ikusi ahalko dute, eta 29an (19:00) Amaia KZn Volar, Bertha Gaztelumendi zuzendaria han izango da. Irungo Emakumeen Etxea Elkarteak Seras hombre dokumentala proiektatuko du hilaren 30ean. Emanaldi hau Oiasso museoan egingo dute.
Ikastetxeetan lanean egotea “garrantzitsua” dela adierazi du Txingudiko Elkarte Feministak eta inkesta bat egin dute Irungo eskola publikoetan jarrera sexualei, prostituzioari eta pornografiari buruz. Ondoren, Laia 3.0 elkartearekin bi tailer egingo dituzte Toki Alain hilaren 26an eta 27an. Bigarren Hezkuntzako hirugarren mailako ikasgela guztietan eskainiko dituzte tailerrak. Urtero egin nahi duten dinamika da.
Bestalde, maskulinitateaz arituko dira Emakumeen Etxean Hiruki Larrosako Egoitz Arbiolekin Emakumeen Etxean, hilaren 27an (18:30). Gizonei zuzendutakoa dela zehaztu du Mendez berdintasun teknikariak eta maskulinitate berriez arituko dira.