Odola emateko aitzakiarik ez
Odola ez emateko dauden topikoak desmitifikatzeko kanpaina abiatuko du Irungo Udalak. Kanpainari bukaera emateko odol emate handi bat antolatu dute Zabaltza plazan.
Irungo Udaleko Gazteriako ordezkari den Sergio Javier eta Gizarte Ongizateko Sandra Caballerok irundarrak odola ematera deitzeko kanpaina aurkeztu dute.
Odola ez emateko erabiltzen diren topiko ezagunak desmitifikatzeko helburua du kanpainak, hainbat gezur baitaude zabalduta, besteak beste, kirolariek edota tatuaiak dituztenek ezin dutela odolik eman, edo denbora asko kentzen duela odola emateak. Publiko guztiei zuzentzen bazaio ere, nagusiki gazteengan eragin nahi du kanpainak. Odola emateko aitzakia onik ez dagoela erakutsi nahi dute Irungo Udalaren sare sozialetan zabalduko den kanpainaren bidez.
Keinu txikia izan arren balio handia duela azpimarratu nahi zan dute, pertsona bakarrak behin odola emanda hiru pertsonaren bizitza salbatu daitekeelako. Horregatik, orain arteko odol-emaileez gain, inoiz odolik eman ez duten pertsonak deitu nahi dituzte.
Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartearen lana eskertu nahi izan du Irungo Udalak, eta horregatik eskaini zioten 2012ko Irungo Urrezko Domina elkarteari.
Kanpaina azaroaren 30ean bukatuko da, eta Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartearen 60.urteurrena ospatzeko odola emate handi bat antolatuko dute Zabaltza plazan, elkarteak eramango duen autobus medikoan. Gainera, emaileak omentzeko Xetan elkarteak ekitaldia antolatu du, azken urteetan 25, 50 eta 75 aldiz odola eman dutenei diploma eta intsignia eskainiz.
Denok Bat Irungo ostalarien elkarte, Txingudi Rugby Bar eta Gaztelu tabernetako ordezkariek ere prentsaurrekoan parte hartu dute, odol-emaileentzako ogitarterako errezeta berezia prestatu behar dute.