Txingudiko Zerbitzuak-ek Behobia-Donostia lasterketan lagunduko du
2024ko Behobia-Donostia lasterketan Txingudiko Zerbitzuak-ek "parte hartzaileek esperientzia bikaina" izan eta "ikusleek ingurune garbi eta atseginaz goza dezaten" lagunduko du. Horretarako hornidura eta garbiketa-operatiboa eskainiko dute.
Hilaren 10ean egingo den Behobia-Donostia lasterketan Txingudiko Zerbitzuak-ek parte-hartzaileen esperientzia hobetzeko hornidura bermatuko du. Horretarako, lasterketako hiru puntu ezberdinetan ur-hornidura eskainiko du : irteeran (Behobian), Kolon pasealekuan eta Gaintxurizketako igoeran.
Ikusleen esperientzia eta ekitaldiaren jasangarritasuna laguntzeko ere garbiketa-operatiboa martxan jarriko du Txingudiko Zerbitzuak-ek. 30 pertsonako talde batek lasterketan erabiliko diren edukiontzi, mahai eta banderolak garbitu eta lekualdatuko ditu. Hondakinak ondo sailkatzeko arropentzako lau edukiontzi eta ontzi-arin eta kartoiarentzako 30 edukiontzi jarriko dituzte eskura, ondotik Garbigunean hondakinak behar bezala bereizteko.
Lasterketarako zerbitzu bereziak eskaintzeaz gain, igandeetako ohiko langileak ere garbiketara batuko dira Nafarroa hiribide, Kolon pasealeku, Luis Mariano, Zabaltza plaza eta Gipuzkoa etorbidean.
Garbiketa eta hondakin-bilketa dispositiboak 6.000 euro inguruko kostua izango duela jakinarazi du Txingudiko Zerbitzuak-ek.