Artiak 'Pospologileen sugarra' murala estreinatuko du
Eva Mena artista izango da Irungo mural honen egilea. Lan-baldintzen alde borrokatu zuten pospolo-fabrikako emakume langileak omendu nahi ditu.
Eva Menak Pospologileen sugarra murala igande honetan, hilaren 10ean, bukatzea aurreikusten du. Irungo pospolo-fabrikako emakume langileak omentzeko asmoa du, eta Pio Baroja eta Cesar Figuerido kaleen artean egongo da mural berri hau, hain zuzen ere, Irungo pospolo-fabrika zenaren inguruan.
1903an Irungo pospolo-fabrikako langile bat kaleratu ondotik Pospologileen Sindikatua edota Sindikatu Feminista izenez ezagutua zena sortu zuten fabrikako emakumezko langileek, gizonen lan-baldintza berak exijitzeko. Gizonek baino erantzukizun eta soldata txikiagoko lan postuak zituztela salatzen zuten.
Irungo Udaleko Kultura arloak sustatu du Eva Mena artistaren mural hau. 20 urtetik gora pasa ditu Menak muralen bidez aldaketa eta borroka sozialak bultzatzen, eta Artiako mural berria egiteko muralismo artistikoan aditua den Garikoitz C. Murua Fierroren laguntza teknikoa jaso du.
Pospologileen sugarra murala Irungo Artea eta Muralismoa gida maparen baitan sartuko da. Kultura eta GazteARTE arloek bultzatutako programa honek 40 pieza biltzen ditu, eta Irungo lan artistikoen ibilbide bat proposatzen du.