Musika eta zinema ardatz dituen festibala, bueltan
77 laburmetrai jaso dituzte aurtengo Amua festibalean. Datorren ostegun eta ostiralean proiektatuko dituzte epaimahaiak hautatutako 13 laburmetrai finalistak. Larunbatean, berriz, Amua EiTB Bideoklip Lehiaketako eta Bota Betta! lehiaketako saridunak ezagutuko dira.
Azaroko hirugarren asteburuan musika eta zinema ardatz dituen festibalaren laugarren edizioa helduko da Itsas Etxea Auditoriumera. Sektore horietan erreferentziazko zita bilakatu da Amua elkarteak Hondarribiko Udalarekin batera antolatzen duen Amua festibala, eta horren erakusle da aurtengo eskaintzaren eta jasotako lanen kalitatea. Gainera, “bizia” dagoen zerbait dela gaineratu du Ortzi Alonso kultura zinegotziak jaialdiaren aurkezpenean. Izan ere, aurtengo edizioak zenbait berrikuntza izango ditu: musika laburmetrai lehiaketaz gain, aurreneko aldiz, EiTB bideoklip eta Bota Betta! bideo sormen lehiaketak izango baititu programak.
Azken horiek jende gazteari eta inguruko musikariei gerturatzeko helburuarekin sortu dituzte. Hala azaldu du Ernesto Toledok elkarteko kideak. Bideoklip lehiaketa Bidasoaldeko zein Bortzirietako musikariei zuzenduriko proposamena izan da eta Toledok izandako harrerarekiko poztasuna adierazi du: “Erantzuna bikaina izan da, herri bakoitzeko lan bana jaso dugu”.
Guztira 77 laburmetrai jaso dituzte, iazko datuekin alderatuta 33 lan gehiago izan dira eta horietatik ia 30 Euskal Herritar jatorria duten ekoizpenak izan dira. Aurtengo epaimahaia Kristina Zorita kazetariak, Miren Iza musika konpositore eta abeslariak eta Xabier Erkizia ikerlari independente eta ekoizle artistikoak osatu dute.
Egitaraua:
Iragan urteetako estruktura bera izango du jaialdiak. Ostegunean (hilak 14) zabalduko da jaialdia; Radio 3 eguna izango da. Arratsaldeko 19:00etan Film Laburren I. Saioa egingo dute eta gainontzeko hitzorduak bezala sarrera librea izango da eserlekuak bete arte. Bertan izango dira ikusgai epaimahaiak hautatutako hamahiru lanetatik lehen bostak: Story of one man, Para Kepa, Abuela, Ahozko tradizioa eta Rata.
20:00etan Diego RJk zuzentzen duen Radio 3eko El sótano musika saioaren zuzenekoa egingo dute. Rub Picazo taldeak parte hartuko du saioan eta Espainiar estatuan emango duten kontzertu bakarra izango da.
Ostiralean (hilak 15) Otis redding eguna izango da. Goizeko 10:00etan hiru eskoletako 7 eta 8 urteko ikasleekin Amua txiki saio berezia egingo dute. Nación funk taldeak omenaldia egingo dio Otis redding soul taldeari kontzertu pedagogiko baten bidez.
Arratsaldean, 19:00etan, Film Laburren II. Saioa egingo dute. Bertan irabazleak gerta daitezkeen 7 larbumetrai proiektatuko dituzte: Errotik, Ocho pasos, El Calvario, Andaluçê Yorá, La semilla, Erromintxelak esperoan eta Guilbert. Segidan, 22:00etan, The otis reeding show egingo dute. Nación funk talde bartzelonarrak soulman handienari omenaldia egingo dio.
Larunbatean (hilak 16) Musikeroa eguna izango da. 11:00etatik 14:00etata eta 15:00etatik 20:00etara binilo azoka zabalduko dute. Arratsaldean 18:00etatik aurrera, berriz, Amua EiTB Bideoklip Lehiaketa eta Bota Betta! saioak eskainiko dituzte eta horien bukaeran sariak banatuko dituzte. Irabazten duen laburmetraiaren zuzendariak 3.000 euroko saria jasoko du eta ikuslegoaren saria jasotzen duenak 1.000 euroko saria.
Ondoren, Bruce Spristeen and the E street band: Road Diary dokumentala estreinakoz proiektatuko dute (19:30ean). Disney +ek ekoitzitako pieza da eta Thom Zimny izan da zuendaria. Dokumentalak zuzeneko kontzertuak sortzeko prozesua jasotzen du. Azkenik, 20:30etan Soinubanda saioa eskainiko du Joseina Etxeberriak zuzenean. Gorka Urbizu izango du alboan, gonbidatu gisa. Urbizuk bere musikan eragina izan duten 10 kantu, album eta kontzertu errepasatuko ditu eta “akaso” abestiren bat edo beste joko ditu.