Txingudiko Pentsionistak: "Borrokatzeak merezi du"
Erreforma batzuk indargabetuko dituzte eta sei urtetako borrokari esker lortu dutela gogoratu dute. Orain, herri ekimen legegilearen alde bozkatzeko eskaerari eutsi diote.
Hilabeteko astelehenetan egin gisan, atzo ere Txingudiko Pentsiodunak karriketara irten ziren eta “harro” esan zuten “borrokatzeak merezi duela”. Erreforma batzuk indargabetzea lortu dute, “kalte larriak” eragiten zizkienak, eta pentsiodunen sistema publikoaren aurkako eraso berriak saihestu dituzte. Orain, helburu berriak lortzeko beharrezkotzat jo dute ekimenari eustea.
Aitortza egin diete astelehen guztietan mobilizatzen aritu diren pertsonei, oinarrizko aldarrikapen batzuk lortu dituztelako eta ziur dira falta zaizkienak lortzen jarraituko dutela. “Elkarrekin lortu dugu”, berretsi dute. Xehetasunetara jota, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak erabaki du EAEko Legebiltzarrean erregistratu duten Herri Ekimen Legegilearen lege proposamena izapidetzea onartzea, eta legeak aurreikusitako izapidetze prozedurak hastea.
Aldi berean, Nafarroako EH Bilduk eta Nafarroako Gobernuak lortu duten aurrekontu akordioa “positibotzat” jo dute. Akordio horri esker gutxieneko pentsioak hamalau ordainsaritan jasotzea proposatu dute, 1.035 euroraino osatuko lukeena. Dena den, 1.080 eurora igotzearen aldarri nagusia betetzea galdegin dute.
Hego Euskal Herriko parlamentuek pentsiodunen funtsezko aldarrikapenetako batekin konpromisoa har dezaten lortzeko “ezinbesteko urratsa” da eman dutena, bizi baldintza duinak izateko aukera eduki dezaten. “Aldarrikapen justua bezain beharrezkoa da, pentsioetan dagoen genero arrakala murriztuko duena eta adineko pentsiodun bat, lan bizitza oso baten ondoren, aitortua izan ala ez, duintasunez bizi ahal izatea eragingo duena”.
Herri ekimen legegilearen alde bozkatzea falta da eta haren alde egiteko eskatu dute Txingudiko Pentsiodunek, “hitzetatik ekintzetara pasatzea” alegia. Horretarako garaia orain dela berretsi dute eta bide horretan dozenaka mila sinadura Legebiltzarrera eramateko konpromisoa hartu dute.
Konpromiso hori “gizarte justu eta solidario bat” eraikitzeko lanean dabiltzan langile, gizon eta emakume guztiekin egingo dutela azaldu dute. “Hau izango da irabaziko dugun bigarren bataila handia. Elkarrekin lortuko dugu. Gure aukera da”. Hori lortzeko lana eta konpromisoa berehala hasten da. Gaur da irteera ordua” bukatu dute.