"Plangintza akatsak" topatu ditu Osasun Bidasoak Plan Zuzentzailean
Egun osasun zentroek dituzten espazio arazo larriak epe laburrean nola konpondu "zehaztu gabe" dago. Halaber, Oinaurreko erietxea "berehala" eraikitzen hastea galdegin dute.
Urriaren hasieran iragarri zuten Irun eta Hondarribiko Udalek Osasun Sailarekin bildu zirela, eta eskualderako etorkizuneko osasun plan integral bat diseinatzeko eta gauzatzeko oinarriak ezarri zituztela. Bidasoa ESIrako 2023-2033 Plan Zuzentzailea da hain zuzen Osasun Sailak urriaren 14an Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako dokumentua. Osasun Bidasoak salatu du “plangintza akatsak” dituela proposamen honek, ez direlako zehaztu zein diren egikarituko dituzten jarduketak.
Plataformak identifikatutako gabezien artean ez dago jasota Oinaurren anbulatorio berria “berehala” eraikitzen hastea, ez dago azalduta nola konponduko duten epe laburrean egun hiriko osasun zentroek dituzten espazio arazo larriak. Deitoratu dute 2025era begira aurreikusi duten 200.000 euroko diru partida ez dela nahikoa obrak arrazoizko epe batean hasteko, eta duela bi urte Oinaurrera bideratutako 500.000 euroko aurrekontua ez zela likidatu salatu dute.
Irungo lehen mailako arretari erreparatuta, dokumentuak jaso dute arreta gune duinen “gabezia larria” dagoela, baina ez dutela “berehalako konponbiderik” eskaini salatu dute. Irun erdiguneko anbulatorioan hainbat barrakoi daude lau kontsulten arazoa konpontzeko eta “lehentasunezkoa” den aferatzat jo dute. “Irungo biztanleek ezin dute 2033ra arte itxoin”.
Dokumentuak bestelako “akats garrantzitsuak” ere badituela mahai gaineratu dute. Lehen mailako arreta hobetzeko bi agertoki planteatzen ditu Osasun Sailak, baina egungo errealitatea aztertzerakoak emandako datuekin ez da ados Osasun Bidasoa. Batetik, Osasun Sailaren arabera Dunboan 18 familia mediku daude, baina Osasun Bidasoak 19 direla dio. Orotara, Irunen 41 familia mediku daude.
Bi erietxeek okupatzen duten lur azalera 3.934 metro karratukoa dela dio Jaurlaritzak, Erdialdekoak 1.841 lituzke eta Dunboakoak 2.093 metro koadro. Bi zentroen artean 68.450 herritar artatzen dituzte. Bada, proposatutako lehenbiziko agertokiaren arabera mediku kopurua 39ra jaistea da asmoa, egun baino bi gutxiagora. Azalera erabilgarria, berriz, 3.934 metro karratutik 3.843 metro karratura murriztuko litzateke, 100 metro karratu gutxiago, hain zuzen.
Lehenbiziko proposamenaren arabera, erdiguneko etorkizuneko anbulatorioak 2.500 metro karratu izango lituzke eta Dunboak 1.343 metro koadro. Gainera, hazkunde demografikoa ez da kontutan hartu plataformaren ustetan, egungo paziente kopuru berbera artatzea aurreikusi baitu Eusko Jaurlaritzak.
Aldiz, bigarren agertokian Oinaurren hirugarren osasun zentro bat egitea ikus daiteke, baina familia medikuen kopurua 39koa izaten jarraituko luke, lehen agertokian proposatu bezala. Oinaurreko erietxea eraikiz gero, Irungo lehen mailako arretak 2.000 metro karratu gehiago izango lituzke, 5.843 metro karratu guztira. Hala ere, proposamen honetan paziente kopurua askoz ere murritzagoa izatea aurreikusi dute: 63.000 biztanle. Guztira, sei urtetan 5.450 herritar galduko direla planteatu du Osasun Sailak.
Oinaurreko anbulatorioa eraikitzeko hiru urte beharko direla uste du Osasun Bidasoak eta berriro “erreklamatu” egin dute osasun zentro hau “berehala” eraikitzen hastea. “Oinaurre inauguratzen ez den bitartean, premiazkoa da Irun Erdialdean eta Dunboan arreta espaziorik ez egoteari irtenbide alternatiboak bilatzea”.
Bidasoa Ospitalea
Plan zuzentzailean ospitaleari begira ere jarri dira eta hainbat zerbitzu eta unitate handitzea aurreikusi dute, hala nola, seigarren unitatea, eguneko ospitale medikoa, erresonantzia magnetikoa, laborategi berriak edota farmazia. Gabeziak sumatu dituzte proposamen honetan ere, ez baitute aurreikusi larrialdi zerbitzuetan “beharrezkoa” duten behaketa eremua. Aurreikuspen falta hau leku faltagatik dela uste du plataformak. “Ospitaleko hobekuntzei buruz egiten den deskribapena ezinezkoa da egungo espazioa handitu gabe (gaur egun jada nahikoa ez dena)”.
Osasun Bidasoan eraikin erantsi bat eraikitzeko proposamena berretsi du. Sarrera nagusiaren parean eraikitzea nahi dute, egungo aparkalekuaren lursailetan. Ospitalearen kokapena “oso egokia” dela defendatu dute, garraio publikoz “oso ondo” komunikatuta dagoelako Irun, Hondarribia eta Bortziriekin.
Plan zuzentzailean jasotakoaren arabera, Irun eta Hondarribiko lau osasun zentroetan honako kontsulta hauek eskainiko dira: ORL, kirurgia, erreumatologia, neurologia, pneumologia, dermatologia, errehabilitazioa, traumatologia eta ortopedia. “Ez dirudi, gure ustez, horretarako beharrezkoa denik kokapen zehatzik gabeko balizko zentro handi baten 4.000 metro karratu erabiltzea” azaldu du Osasun Bidasoak. Halaber, osasun mentala eta osasun publikoa Oinaurreko osasun zentro berrian kokatzea proposatu dute, zentro horrek 3.500 metro karratu izango zituelarik.
Plana zuzentzailea izatetik plan integrala izatea galdegin du Osasun Bidasoak eta hau “premiazkoa” dela ohartarazi dute. Horretarako, eskualdeko profesionalek, erakundeek eta gizarte eragileek parte hartu behar dutela iritzi du plataformak.