Irundarrei eta hondarribiarrei dei egin die Errigorak
Nafarroa erdialdeko eta hegoaldeko euskalgintzari bultzada emateko Errigoraren kanpaina martxan dago jada. Saskiekin ez ezik, karta joko baten bidez ere egin daiteke aurtengo ekarpena. Irun eta Hondarribian banaketa guneak egokitu dituzte.
Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintza sustatzeko Errigora ekimena martxan dago jada eta hilaren 14ra arte iraungo du. Agerreko (Nafarroa erdi eta hegoaldeko) produktuz osatutako hiru saski eta Agertuz karta joko bat eska daitezke aurtengo kanpainan, eta horien balioaren %25 zonaldeko euskalgintzara bideratuko da.
Kanpaina hau Ikastolen Elkartearekin, AEKrekin eta Sortzenekin elkarlanean egiten du Errigorak eta kanpainak uzten duen diru-ekarpenaren zati handiena Nafarroa hegoaldeko ikastolei, AEK-ren euskaltegiei eta zonaldean sare publikoan D eredua indartzeko Sortzenen dinamiketara bideratuko dute.
Ekarpena Errigoraren orrialdearen bitartez egin beharko da, eta saskien aukeraketa egiterakoan hura jasotzeko banaketa gunea hautatu beharko da. Irun eta Hondarribian jaso nahi duenak bi gune ditu aukeran: Irungo AEK eta Talaia eskola.