Hondarribia eta Irun garraio publiko bidez "hobeto lotzeko" eskatuko du EH Bilduk
Batzar Nagusitako azaroko osoko bilkuran egingo du eskaria EH Bilduk. Geltokien azpiegiturak, lineen sareak, deskontuak eta maiztasunak hobetzeko aurreproiektua egitea eskatuko dute.
EH Bilduk Hondarribia eta Irun lotzen dituen garraio publikoko zerbitzua “hobeto lotzeko” eskakizuna luzatuko dio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Zehazki, N-638 errepideko mugikortasuna hobetzeko aurreproiektu bat gara dezan eskatuko dio bihar Batzar Nagusitako osoko bilkuran, Hondarribia Irungo Renfe eta Euskotren geltokiekin modu eraginkorrean lotzeko helburuarekin.
Bilkideek garraio publikoaren alde egiten dutela adierazi dute irmo, eta horretarako hainbat politika publiko martxan jartzea ezinbestekoa dela gaineratu dute: geltokien azpiegiturak, lineen sareak, deskontuak eta maiztasunak… Baita autobusek ere beren linea propioa izatea.
Aurreproiektua Hondarribiko eta Irungo udalekin elkarlanean egitea eskatuko dute, kurtso politiko honetan aurkezteko asmoarekin. N-638 errepidea aldundiaren eskumenekoa izanik, aurrekontu proiektuaren kostua aldundiaren esku geratuko litzateke.