Andrearriaga kaleko murrua eraitsiko dute
Lanek iraun bitartean behin behineko sarbide bat egokituko dute Euskotrenen geltokira iristeko. Autobusei ere eragingo die behin behineko egoerak.
Katea auzoko berrurbanizazio lanak fase berri batean sartuko dira bihar, Elizatxo hiribideko trenbide gaineko pasabidea kentzeko azken lanekin hasiko baitira. Andrearriaga kalearen aldean geratzen den murrua eraitsiko dute, hain zuzen.
Fase hau hirugarren hariaren lanen barruko esku hartze bat da, hau da, AHT Kateatik pasa ahal izateko beharrezko azpiegitura eraikitzeko proiektuaren baitako obrak dira. Irungo Udalak obra hauen karietara bide ardatza eraldatuko du eta Kateatik Plaiaundira joango den “espazio berde eta jasangarri” baten abiapuntuaren lehen harria jarriko du.
Halaber, aste honetan hasiko den jarduketa Elizatxo hiribidea Letxunborro hiribidearen eta Porcelanaseko biribilgunearen artean berrurbanizatzeko proiektuaren parte da. Honen helburua trenbidearen eragina murriztea da eta auzoko biaduktuaren inpaktua txikitzea. Izan ere, auzo barruko oinezkoentzako konexio gutxi egotea eta narriatua egotea sortzen du biaduktuak.
Pasarela berria “oso arina” izango dela aurreratu du ADIFek eta egun dauden hormek eragiten duten trintxera efektua saihestu egingo du. Oinezkoek eta txirrindulariek erabili ahalko dute eta azpitik pasatzeko aukera ere egongo da.
Behin behineko sarbidea
Horma eraisteko fase berriak iraun bitartean behin behineko sarbide bat egokituko dute bihartik aurrera, Euskotrenen geltokira iristeko. Sarbide hau “behar bezala” seinaleztatua eta hesituta egongo da.
Ondoren, hilaren 11tik 22ra bitartean kaleko trafikoa moztuko dute, 07:30ean hasi eta 18:00etara arte. Ordutegi horretatik kanpo zirkulazioa baimenduta egongo da. Itxierak iraun bitartean Errota errepidetik desbideratuko dituzte ibilgailuak, saltokietarako zamalanetarako ibilgailuei eta garajeetara doazenei izan ezik.
Autobusak
Eskolako autobusek ohiko ibilbidea ahalko dute egin, baina Irunbuseko zerbitzuko bigarren lineak hainbat geltoki lekualdatuko ditu. Hala, hirigunerako noranzkoan doazen autobusek Tesako birbilgunean egingo dute geldialdia, Elatzetako geltokian beharrean. Aldiz, Andrearriaga 23 zenbakiko eta Ugaldeko geltokiak Errota errepidera mugituko dituzte.
Lurraldebusi dagokionez, Elatzeta eta Ugalde geltokietako geldialdian Letxunborro hiribideko 59. zenbakian (Aranibar) eta Errota errepideko geltokian egingo ditu. Aldaketa honek E22 lineari eragingo dio.