Udal aurrekontuek 100 milioi euroko langa gaindituko dute beste urtebetez
Osasun ekonomiko eta finantzario ona dauka Irungo Udalak. Jasangarritasun politiketara nagusiki bideratutako aurrekontuak badira ere, beste bederatzi proiektuk milioi erdia baino gehiagoko aurrekontua izango dute. Orain, 20 eguneko epea zabaldu da udal talde politikoek ekarpenak egiteko.
Udal gobernuak 2025era begirako aurrekontu proposamena idatzi du eta haren aurkezpena egin du gaur udaletxean Nuria Alzaga Ogasun ordezkariak. Hurrengo urterako udalaren diru zorro hau 101.134.086,01 eurokoa izango da sozietate publikoak barne, eta hortaz, beste urte batez 100 milioi euroren bueltako aurrekontua bideratuko da hirira. Bide horretan, azken hamar urteetan ia %50 handitu ditu aurrekontuak Irungo Ogasun arloak.
Azken urteetan Next Generation funtsak jaso izana “estra handia” izan dela udal aurrekontuentzat aitortu du Alzagak eta aurrekontuak “makilatu” egiten dituztela gaineratu du. Europako diru partida horri esker proiektu handiak “errealitate” bihurtu dira eta aurten ere funts horietatik dirua jasoko dute: 900.000 euro. Bestalde, Udalen Finantzaketarako Foru Fondoari esker aurrekontuaren %50 osatuko dute eta diru ekarpen hori hazi egin da iazko kopuruarekin alderatuta. Azkenik, tasen eta zergen bilketarekin borobilduko dituzte aurrekontuak.
“Luzera eta gertura begirako” aurrekontu gisa definitu ditu udal ordezkariak. Luzera begirakoaren barruan inbertsio handiez ari da, “hiriaren proiektuaz hitz egitea baliatuko diguten proiektuak ahalbidetu dituen inbertsioak” dira. Irundarren eguneroko beharrez ez direla ahaztu adierazi du segidan.
“Egonkortasuna bermatzen” duen aurrekontuak dira eta Irungo Udala “aurrekontuen eredu” dela gainontzekoentzat nabarmendu nahi izan du. Osasun ekonomiko eta finantzario “ona” dauka hiri zuri, gorri eta beltzak eta datu hau esanguratsutzat jo du Alzagak. “Osasun on honek ahalbidetzen digu agintaldi honetan likidatzen joan ahal izatea zorretan gauden maileguak. Soilik 2022an eskatutako mailegua geratuko litzateke likidatzeko”. Likidazio guztiak bukatzen egonda, gehiago ahalko dutela aurreztu esan du. Horrez gain, berriro mailegutzan sartu nahi ezkero– ez dute aurreikusi– ahalko luketela berriro egin zehaztu du.
Behin zirriborroa aurkeztuta, udal talde politikoek 20 eguneko epea daukate zuzenketak aurkezteko. Ondoren, abenduko osoko bilkuran eztabaida eta bozketa egingo dute. Udal ordezkaria negoziaketetarako prest agertu da eta espero du horretarako klima ona izatea “aurrekontuak aberasten joateko eta aurrekontuen proiektua indartsuagoa izateko. EAJrekin duten akordio markoari begira jarrita udal talde guztiekin negoziatzen jarraituko dutela azaldu du udal ordezkariak, eta ea akordio markoa betetzeko derrigortasuna duten galdetuta EAJk “hobe” erantzungo duela ziurtatu du.
Atalez atal
Inbertsioen atalera 17 milioi euro bideratu dituzte eta 10,5 milioi euro gizarte politiketara, “pertsonak aurrekontu hauen erdigunean” daudelako. “Aurrekontu inbertitzaile eta sozialtzat” jo ditu Alzagak, baita jasangarritasunari begirakoak ere. Izan ere, datorren urtean Isuri Gutxiko Eremua ezarri beharko dute hiriaren erdigunean eta ekintza plan hori egikaritzeko 1,3 milioi euroko inbertsioa egingo dute.
Bide horretan, Irunbus flotaren kontraturako aurrekontua 1.754.000 eurokoa izango da. Bidegorriak “hobetzeko” 200.000 euroko diru poltsa proposatu dute eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko 400.000 euro. Azken diru partida hauek partaidetza bidezko aurrekontuetan bozkatutakoaren ondorio dira.
Bestalde, gizarte sozialetarako aurrekontua %2 handituko dute aurten. Adinekoei begirako partidan egin du pausa udal ordezkariak, %60ko hazkundea izango baitu. “Kalean ikusi ahal izan da adinekoei begirako jarduera eskaintza zabalagoa dela baina baita ere adinekoen arretan. Azken zerbitzu honetan egingo da %60 gehiagoko inbertsioa” adierazi du.
Etxebizitza publikoaren alde ere apustua egin dutela oroitu du Alzagak eta Irun Tentsio Handiko Eremu gisa izendatuta egongo den heinean, ekintza plana gauzatzeko 2 milioi euroko hasierako aurrekontua onartu nahi du udal gobernu sozialistak. Era horretan, Lastaola eremuan eta Lucas de Berroa karrikan egin nahi dituzten babes ofizialeko etxeen proiektuak hasi nahi dituzte.
Guztira bederatzi inbertsio dira 500.000 mila euroko langa gainditzen dutenak. Horien artean, Anakako txaleten ingurua berrurbanizatzeko bigarren faseari ekin nahi diote eta horretara 700.000 euro bideratu nahi dituzte. Auzoekin jarraituz, Dunboako kanala birnaturalizatzeko obretarako 500.000 aurrekontua proposatu dute.
Bestalde, aurreko agintaldietan hartutako konpromisoei jarraipena eman ahal izateko honako proiektu hauen inbertsioan nabarmendu dituzte: 3,5 milioi euro Belartzako aparkalekuko obrarako; 1,9 milioi euro Arbesko biderako; 600.000 euro Aduana kaleko eraikina zaharberritzen jarraitzeko; edo 1,1 milioi euro erabilera anitzeko IAM pabiloiaren proiekturako. Azkenik, hiriaren mantenurako inbertsioa da beste handienetako bat eta aurten %2 handiagoa izango da.
Hainbat aurrerapen ere egin ditu udal ordezkariak eta CBA liburutegiaren instalakuntza berriak hurrengo urtearen hasierako hilabeteetan irekiko direla baieztatu ahal izan du. Halaber, San Migel auzoko Emigrazio eraikina 2025ean irekitzea aurreikusi dute, baita Oiasso Museoko termak ere.
Bukatzeko, aurrekontuen gorabeherako zalantzak argitzeko edota xehetasunetan sakontzeko saio ireki bat egingo dutela herritarrentzat jakinarazi du Ogasun ordezkariak. Dena den, oraindik ez dutela horretarako datarik ezarri esan du. Aurrerago finkatu eta horren berri emango dute.