Jaurlaritzak "Irunen alde egindako apustu irmoagatik", poza agertu du EAJk
Jeltzaleek iragarri duten bezala, datozen hiru urteetan 1,8 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egingo dute Irunen. Inbertsio hori "Irunen aldeko apustu argia" dela diote, "baita gure eskualdeko osasunaren aldekoa ere".
Irungo EAJ taldea pozik agertu du Eusko Jaurlaritzak onartu berri dituen 2025erako aurrekontuekin. Poza agertu dute jeltzaleek, “Jaurlaritzak Irunen alde egindako apustu irmoagatik”. Izan ere, jeltzaleek iragarri duten bezala, datozen hiru urteetan 1,8 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egingo dute Irunen. Inbertsio hori “Irunen aldeko apustu argia” dela diote jeltzaleek, “baita gure eskualdeko osasunaren aldekoa ere”. Eskualdeko “osasun egoera hobetzeko” eta etorkizunean Bidasorako Osasun Arretarako Plan Integrala garatzeko baliatuko dute diru kopuru hori.
Plana oraindik ixteke dagoela diote, baina besteak beste, hiriaren erdigunean anbulatorio handi bat eta Oinaurren ere beste bat eraikitzea aurreikusi du Jaurlaritzak (azken honetarako 4 milioi euroko inbertsioa egite aurreikusi dute). Horrez gain, aurreikusi dute beste 12 milioiko inbertsioa ere egitea hurrengo hiru urteetan, eskualdeko Ospitaleko “kirofanoak berritzeko”.
Pozik agertu badira ere, lehenago egin zitekeela esan dute, eta honakoa leporatu diote PSE-EE taldeari: “Pozten gara hirian osasun arloan inbertsio garrantzitsu hauek guztiak egingo direlako, baina, era berean, badakigu lehenago ere irits zitezkeela hauek, Irungo Udalak urte batzuk lehenago Osasun Sailetik bertatik, Osakidetzatik, egiten zitzaizkion errekerimenduei garaiz erantzun izan balie”.
Jeltzaleek lankidetzaren alde egingo dutela erantsi dute, “eta inoiz ez beste erakunde batzuekiko liskarraren alde”. “Bidasoa eskualdeko osasun eremu osoari irtenbidea emango zaiola jakiteak pozten gaitu. Berri paregabea Irunentzat eta Irungo herritar guztientzat”, esan dute azkenik.