Hiruak Bat laguntzen bigarren deialdia, zabalik
Eskualdeko pertsona eta enpresei hiru hiriak inplikatzen dituzten proiektuetan laguntza eskaini nahi diete. Abenduaren 18ra arte bidali daitezke proposamenak.
Hiruak Bat izeneko laguntzen bigarren deialdia egin dute Irun, Hondarribia eta Hendaiako udalek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bitartez. Deialdi honek, antolatzaileen arabera, “mugaz gaindiko proiektuak garatzen laguntzeko” asmoa du. Eskualdeko pertsona eta enpresei hiru hiriak inplikatzen dituzten proiektuetan laguntza eskaini nahi diete. Finean, “mugaz gaindiko gure lurraldea batera garatzen lagunduko duten ekimenak” bultzatu nahi dituzte.
Eskaerak aurkezteko azken eguna abenduaren 18a izango da, eta hiru herrietan egoitza soziala duten pertsona fisiko zein juridikoek ahalko dituzte eskatu. Diru laguntza hauen bitartez, proiektuaren kostuaren %50a kubritu ahal izango dute, eta gehienez 12 hilabeteko epean egin beharko dute hori.
Proiektuak Partzuergoaren bulegoetan aurkeztu beharko dira, eskatutako dokumentazio guztiarekin, abenduaren 18ko 14:00ak baino lehen. Informazio gehiago lotura honetan kontsulta daiteke.
Aurkeztutako proposamenak organo instruktore batek aztertuko ditu, eta honek ebaluazio txosten bat aurkeztuko dio Partzuergoari. Hark funtsak banatzeko erabakia hartuko du, diru laguntza emateko oinarrien arabera, eta ebazpen proposamena helaraziko dio lehendakariari. Erabakiak onuradunei jakinaraziko dizkiete.
Laguntza hauek, Partzuergoko Zuzendari Batzordeko presidente Nuria Alzagaren arabera, “tranpolin bat dira mugaz gaindiko proiektuak egin nahi dituztenentzat hainbat arlotan, hala nola, turismoan, hezkuntzan, mugikortasunean edo gizarte esparruan”. Parte hartzera deitu dituzte “ideia berritzaileak” dituzten erakunde eta pertsonak.