Roke Mendezi biktima izaera aitortu dio Balorazio batzordeak
Urtean behin ematen du Balorazio Batzordeak egindako lanaren berri, eta aurten inoiz baino biktima gehiago aitortu dituzte.
Giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko Balorazio Batzordeak Roke Mendezi biktima izaera aitortu dio. Urtean behin ematen du Balorazio Batzordeak egindako lanaren berri, eta aurten inoiz baino biktima gehiago aitortu dituzte gaur egin duten agerraldian: 93 guztira. Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak tiroz hildakoak; Poliziak istilu edo manifestazioetan zauritutakoak; Poliziaren zaintzapean hildakoak; eta talde parapolizialek zauritutako biktimari egin diete aitortza. Jose Luis Mondragonen senideek ere -Roke Mendezekin batera erail zuten- hari biktima izaera aitortzeko eskaera egin zuten bere garaian, baina Balorazio Batzordea oraindik kasua baloratzen ari da. 2020ko ekainetik 238 biktima aitortu dituzte eta oraindik 417 espediente dituzte ebatzi gabe.
Aurten 50 urte bete dira Hondarribiko Asturiaga portuan Roke Xabier Mendez Villada Poeta eta Jose Luis Mondragon Elortza Moriko tiroz erail zituztela. Maiatzaren 18an 1974 memoria taldeak deitutako omenaldia egin zuten ezbeharra gertatu zen portuan bertan, eta handik bi egunetara Hondarribiko Udalak aitortza egin zien bi biktimei. Udaletxean egindako ekitaldian segada batean hil egin zituztela zioen dokumentu bat eman zieten Mendezen eta Mondragonen familiei.
Informazio gehiago Berria.eus atarian.